Haftarren indarrek diote Tripoliko aireportu zaharraren kontrola dutela

NBEren idazkari nagusia Libiaren gehiengoa kontrolpean duen buruzagi militarrarekin elkartu da

ander perez zala
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Libia ia ekialde osoa eta hego-mendebaldea kontrolpean duen Khalifa Haftar buruzagi militarrak Tripoli hiriburua hartzeko agindua eman zien herenegun haren indarrei. Hori da haren helburu nagusia, herrialdearen kontrola behin betiko hartzeko; izan ere, soilik hiriburuaren, eta iparraldeko eta mendebaldeko zati batzuen kontrola du Nazio Batuen Erakundeak (NBE) aitortzen eta babesten duen gobernuak, eta Haftarren aurrean ahul ikusten du bere burua. Atzo, Tripoliko gobernuaren aldeko miliziek buruzagi militarraren indarren aurreratzea gelditzea lortu zuten arren, Haftarren lantaldearen eledun Ahmed al-Mismarik jakinarazi zuen hiriburutik 25 kilometrora dagoen aireportu zaharraren kontrola dutela, eta inguruko hainbat herritan sartu direla.

Borroka horiek guztiak gertatu ziren NBEren idazkari nagusi Antonio Guterres Libian zegoela. Ekialdeko Tobruk eta Bengazi hirietara joan aurretik, Guterresek adierazi zuen «oso kezkatuta» zegoela gertatzen ari zenarekin, eta alde guztiei borrokak gelditzeko eskatu zien, «konfrontaziorako arriskua» handitzen ari delako; apirilaren erdialderako, NBEk Konferentzia Nazionala du antolatua, baina Haftarrek herenegun emandako aginduak kolokan jar lezake hitzordu hori, konferentziak «adiskidetzea» lortzea baitu helburu. Tripoliko gobernuaren buruzagi Fayez al-Serrajek, gainera, bonbardaketekin erantzun zien buruzagi militarraren asmoei; testuinguru horretan, Alemaniak NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera eskatu zuen, eta egunotan batzartuko da.

Twitter sare sozialaren bidez eman zuen Guterresek Haftarrekin izan zuen bileraren berri, xehetasun handirik gabe. Honako hau idatzi zuen: «Oso kezkatuta noa Libiatik. Oraindik uste dut konfrontazio odoltsua eragotzi daitekeela Tripolin eta Tripoli inguruan». Al-Arabiya katearen arabera, Haftarrek esan zion erasoaldiak jarraituko duela «terrorismoa deuseztatu» arte.

Errusiak ez du «zerikusirik»

Testuinguru gatazkatsu horretan, Errusiako Gobernuak atzo adierazi zuen ez duela «zerikusirik» Haftarrekin, eta ez dela hura laguntzen ari; Moskuk gehitu zuen «negoziaturiko oinarri politiko bat» nahi duela Libiarako.

Dmitri Peskov eledunaren arabera, egoera «era baketsuan» konpondu behar litzateke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.