Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Galtzaileen kontakizuna

2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
«Historiagile bezala gure iraganaren inguruan egiten dugun kontakizunarekin kezkatuta nagoela esan dut behin baino gehiagotan, komunikabide honetan, eta beste batzuetan ere bai. Atzera begiratzea historiagile bezala eta gertatutakoa nola eta zein parametroren pean kontatu den aztertzea oso garrantzitsua da. Beraz, askotan, historialarion lana ez da hainbeste iragana ikertzea, baizik eta besteek, garaileek kontatu dutena deseraikitzea, batez ere galtzaileen aldearekin enpatia handiagoa sentitzen dugunontzat. Herri bezala beste momentu historiko batzuetan borreroen aldean egon garela ukaezaina da; urriaren 12a gertuegi dago hori ahazteko. Baina, ulertuko duzuen moduan, emakumea eta euskalduna naizen heinean galtzaileen bandoan kokatzea errazagoa egiten zait. Kontakizunari begira, beraz, garaileen diskurtsoa nola inposatzen den ongi dakigu, horretan behintzat eskarmentu handia dugu euskaldunok. Baina badugu eskarmentua diskurtso hori deseraikitzen ere. Hor dugu 1512ko aferaren inguruan izan zen eztabaida historiografikoa. Hamarkadetan, anexioaren bertsioa ia azalpen bakartzat inposatu zen arren, 2012 urtearen inguruan egin zen ahaleginaren ondorioz oso zaila egiten zaie askori konkistari buruz ez hitz egitea. Norabide bat dugunean kontakizunari buelta eman ahal zaionaren adibide bat baino ez da hau, noski. Edo historiografia feministatik ere ahalegintzen ari gara sorginkeriaren historiaren ehizaren inguruan azken urteotan Europa mailan Historian emakumearen kontra izan den feminizidio handiena izan dela salatzen eta emakume horien guztien memoria berreskuratzen.

Baina esan bezala, Historiaren kontakizuna, batez ere gertuago dugun Historiarena, ez dugu oso aldekoa izan. Horregatik agian Kataluniarekiko enpatia sentitzea errazagoa egiten ari zaigu azken boladan. Are errazagoa oraindik Estatuaren errelatoak gurekin erabili izan ohi dituen eta Kataluniaren herriarekin errepikatzen ari den tresnak bere egia absolutoa inposatzeko erabiltzen ari dela identifikatzen dugunean. Eta, horren guztiaren aurrean, nire aldetik kezka bat mahai gaineratu nahiko nuke; errelato hegemonikoa deseraikitzeko argi izan behar dugu zein balioetan oinarrituko dugun herri bezala nortasuna eta indarra emanen digun kontakizun berria. Askotan defendatu dut gure memoriaren mugarriak aukeratzeko garaian mugarri horiek balio feministetan, antimilitaristetan eta kolektibotasunean oinarritu behar dutela. Atzera begiratzerako orduan bezala, gaur bizitzen ari garenaren aurrean eta etorkizunera begira berdintsu jokatu beharko genuke.

Gustatu zitzaidan Oskar Matutek udara aurretik esan zuenean PSOEren eta Unidas Podemosen blokeoaren aurrean Espainiako alderdiak neuronak baino gehiago testosterona erabiltzen ari direla. Orokorrean gizarte nahiko testosteronikoan bizi garela esanen nuke. Horregatik, gertatzen ari denaren inguruan —Espainiako estatuaren errepresioaz ari naiz, noski— gure bertsioa munduari eta gure etorkizuneko gizarteari azaltzeko garaian zein parametroen arabera eginen dugun ongi pentsatu beharko genuke. Garaile-galtzaileen paradigmarekin jarraituko dugu? Edo gai izanen gara parametro hori gainditzeko eta gure propioa eraikitzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.