Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Tatuatuta

2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Besoa erakusten dute eta bertan doi-doi irakur daiteke naziek tatuatu zieten zenbakia. Kamerek horixe eskatzen diete, zerbait sinbolikoa erakusteko, jantzi marraduna adibidez, edo emakume batzuek jantzi duten lepoko zapia. Kosta egiten da bereiztea zein den nortasun bilakatu zen zifra hori, zenbaki horrek adierazten duen guztia sinestea bera kosta egiten den bezala. Niri, guri kosta zaigu, besoa hamaika aldiz erakutsi duten agure horiek ostera, buruz dakite eta errepikatu egiten dute, ez ahazteko erregutuz batera. Aliatuek Auschwitz-Birkenau askatu zuteneko 75. urteurrena zela eta, berriro agertu ziren jendartera, gero eta makalago. Gero eta gutxiago aditzen da beren ahotsa, hori bada ere naziek ebatsi zizkieten askatasunen azken hondarra.

Hainbeste urte igaro eta gero Auschwitz basakeriaren sinboloa da, genozidioaren luze-zabala azaltzen duen berba. Ezagun zaigula uste dugu, fikzioak bete egin dituelako errealitateari ihes egin dioten xehetasunak. Dakiguna ez da, hain segur, jazo zenaren islarik argiena, baina nola edo hala osatu ditugu puzzleko piezak, pelikula, erakusketa, entsegu edo liburuekin. Uste hori ustela dela diote egiazki han gertatu zena ikertu dutenek eta kontuz ibiltzeko esaten digute, sasizko ezagutzea horrek zulo asko dituelako osatzeko. Historialariek diote giza ankerkeriaren ozeanoan igeri egin dutela urte hauetan guztietan, baina ur azalean daudela oraindik, hor azpian zehazki zer datzan jakiteko urrutiegi, beraz. Zantzuak bai, eta baita horien gainean eraiki diren hipotesiak, baina gehiago jaitsi behar dutela diote, hondoa ukitu arte. Armada Gorria Auschwitzeko hesietara iritsi zenean hasiera berri bat eman zitzaien bertan aurkitu zituztenei, baina hori ez da erabat gauzatuko falta diren piezak osatu arte. Elipsi gehiegi daude oraindik.

Benjamin Lesse da infernu horretatik ateratzea lortu zutenetako bat, eta Holokaustoaren kontakizunak dituen zulo horiek betetzeko ahaleginean jarraitzen du, maiz indargabe sentitzen dela aitortzen badu ere. Gauza batzuk ahaztu egin dituela dio, baina bere burua gogoratzera behartzen omen du, han bizi izandakoa baino latzagoa iruditzen zaiolako hori guztia alferrik izan zela pentsatzea. «Basakeria hau guztia ez zen hiltzen hasi, gorrotatzen baizik», esan zien urteurreneko ekitaldi ofizialetako baten parte hartu zuten munduko agintariei. Eta zuzen-zuzenean begiratzen zien, besteak beste, Europa alderik aldezeharkatzen duen eskuin muturraren oldarraldi berriaren aurrean burua makurtzen ari diren horiei.

Historiak ezin ditu kontakizunak erdizka utzi, arriskutsuegia delako, ez bakarrik iragana ezagutzeko aukerari uko egitea dakarrelako, hori tamalgarria izanik ere. Historiak hari muturrak lotu egin behar ditu orainaldia eta etorkizuna bera eraikuntza horren gainean sortu eta birsortu egiten dugulako. Etorkizunak ez du zertan iraganaren kopia hutsa izan, baina haren oinordekoa da, ezinbestean. Historiak, beraz, osatu egin behar ditu memoriaren eta ahanzturaren artean sortu ditugun zubiak, Hannah Arendt-ek esan zuen bezala, iragana nolabait gaindituko bada, gertatu zena osorik kontatuta izango delako. Zerbait bazekien Arendt-ek honi buruz.

Laster ez da han edo antzeko hamaika sarraski-tokitan gertatu zena kontatu ahal izango duen zuzeneko lekukorik. Oraindik hitz egiteko moduan daudenak azkenak dira eta azkenetan daude.

Oroitzen duten apurra, baina, nahikoa da pentsatzeko gogoratzeko gaitasunari eustea batzuetan madarikazio moduko bat dela. Pentsatu nahi dut, alta, gaur egungo arrisku ez hain berriei aurre egin ahal izateko bedeinkazioa ere izan daitekeela azalean tatuatzen badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.