PDeCATek atzera egin du PSOErekin adostua zuen mozio batean

Bi alderdiek hitzartua zuten elkarrizketa «egungo ordenamendu juridikoaren» barnean egitea

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Diadaren biharamunak zeresana eman zuen atzo Katalunian. Goizean jakin zen PDeCATek eta PSOEk akordio bat adostu zutela Espainiako Kongresuan mozio bat aurkezteko. Mozioak helburu zuen Espainiako Gobernuaren eta Kataluniakoaren arteko elkarrizketa babestea, baina zehaztua zuten «egungo ordenamendu juridikoaren» barnean behar zuela elkarrizketak. Independentisten artean eztabaida bizia sortu zuen zehaztapen horrek, eta, arratsaldean, PDeCATek atzera egin zuen, eta mozioa kendu, ERCk jakinarazi ondoren abstenitu egingo zela.

Kataluniako hedabideen arabera, Diadaren egunean negoziatu zuten mozioa PDeCaten eta PSOEren kongresuko taldeek, eta legediaren aipamena PSOEren zuzenketa bat onartu ondoren sartu zuten. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak duela hamar egun esan zuen erreferendum bat onartuko lukeela soilik autogobernuaz galdetzeko.

PDeCATek eta PSOEk adostutako akordioak erreakzio andana sortu zuen Katalunian. Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilari eta bozeramaileak akordioa defendatu zuen. Haren arabera, ez zegoen kontraesanean PDeCATek orain arte defendatu duen jarrerarekin. Artadiren esanetan, alderdiak beti defendatu duelako independentzia «marko legalen barnean eta erreferendum bidez» lortu behar dela.

CUPek, ordea, PDeCATek eta ERCk eduki zuten jarrera salatu zuen. «Mozio honek modu larrian urratzen du Kataluniako herriaren borondatea». Mozioak unionisten artean ere jaso zituen kritikak. Ines Arrimadas Ciutadanseko buruak esan zuen arazoa «kataluniarren artean eta Kataluniako Parlamentuan» konpondu behar dela.

Errepresioa hizketagai

Kataluniako Gobernuak urriaren 1ean egingo du lehen bilera; hain zuzen ere, erreferenduma egin eta urtebetera. Artadik atzo azaldu zuen ordutik jasandako errepresioari buruz mintzatuko direla lehen bilera horretan. Gogorarazi zuen Kataluniako lehengo gobernuaren gehiengoa preso edo erbestean dagoela, eta, beraz, oraingo gobernuaren eraketa «izan beharko ez litzatekeena» dela. Horrez gain, esan zuen Generalitateak zehaztu gabe dituela erreferendumaren urteurrenerako ekitaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.