Pekinek ateak irekiko dizkie AEBetako autoei, Trumpen arabera

Pekinek ez du ez berretsi eta ez baztertu gerra komertzialaren su-eten akordioari buruzko datu hori

xabier martin
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Donald Trumpen zigilu ezaguna daraman albiste bat ari da betetzen azken orduetan Pekinek eta Washingtonek asteburuko G20koen goi bileran egindako akordioaren hutsuneak. Txinak AEBetako autoei muga zergak «murriztuko eta kenduko» dizkiela iragarri zuen Etxe Zuriko maizterrak atzo, Twitter sare sozialean. Gaur egun %40ko tasarekin zergapeturik daude. Trump pozarren azaldu zen. «Txinarekiko harremanetan jauzi handia egin dugu. Gauza oso onak gertatuko dira aurki. Sendo ari gara negoziatzen, baina Txinak ere asko dauka irabazteko akordioa burutzen denean. Joko zelaia orekatuko dugu!».

Barne kontsumorako tonuaz harago, Trumpek eta Xi Jinpingek Argentinan adostutako su-etena sendotzeko urrats gehiago egin behar direla garbi utzi du AEBetako presidenteak. Pekin zuhurrago dabil. Ez zuen ez berretsi eta ez baztertu Trumpek esandakoa. «Elkarrizketek abiadura hartu dute akordioa adosteko», esan zuen Geng Shuang Txinako Nazioarterako ministroak.

Igandean, Argentinako goi bileraren ostean, jakinarazi zuten urtarrilaren lehenetik hasita potentzia biek ez dutela aplikatuko muga zerga gehiago. Washingtonek erantsi zuen, handik ordu batzuetara, Txinako ehunka produkturi %25eko zergak jarri aurretik 90 eguneko su-etena zela hitzartutakoa. Egun, %10eko muga zergak pagatu behar dituzte; 200.000 milioi dolarren balioa da hori. Pekinek ez du informazio gehiago eman nahi izan Xik eta Trumpek lotutako akordioaren inguruan; «garrantzia daukana da akordio bat egin nahi dugula», esan zuen Geng ministroak.

Batera edo bestera, munduko bi ekonomia handienen gerra komertziala baretzeko lehen urratsa izan da Argentinako akordioa. Uztailean hasi zen erasoa, Trumpen eskutik, eta munduko merkatuak modu nabarmenean astindu ditu horrek.

Gerra garesti bat

Trumpen administrazioak 250.000 milioi dolarren muga zergak jarri dizkio Txinari uztailaz geroztik, eta mahai gainean izan du joan den asteburura arte 267.000 milioi gehiagoko zerga bereziak jartzeko mehatxua. Pekingen erantzuna izan da 60.000 milioi dolarren muga zergak ezartzea AEBetako produktuei. 2017. urtean, 130.000 milioi dolarren inportazioak erosi zizkien Txinak AEBei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.