Katalunian errepublika egiteko mozioa inpugnatuko du Madrilek

Espainiako Gobernuak sendo agertu nahi izan du Sanchezen eta Torraren bilerari begira

Ander Perez Zala -

2018ko uztailak 7
Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean inpugnatuko du Katalunian errepublika egiteko «nahia» berresten duen mozioa. CUPek herenegun aurkeztu zuen testua, eta indar subiranisten aldeko botoekin onartu zuen Kataluniako Parlamentuak. Espainiako Gobernuko eledun Isabel Zelaak atzo azaldu zuenez, Espainiako Konstituzioa eta Kataluniako Estatutua «defendatzeko» hartu dute erabakia, mozioak bi testuak «urratzen» dituelako. Gobernuak irizpena eskatu dio jada Estatu Kontseiluari, eta horrek erantzuna ematean ekingo dio inpugnazioari.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta Quim Torra Kataluniakoak etzi izango duten bileraren atarian eman du Madrilek bere erabakiaren berri. Hain justu, hitzordu horri begirako keinua da, Madrilek sendo agertu nahi izan baitu «legezkotasunaren» defentsan: «Auzi politikoa beste alde batetik doa», Zelaaren iritziz. Sanchezen gobernuak hainbatetan ziurtatu du Kataluniako auzia politikaren bitartez konpondu behar dela, ez judizializazioaren bidez, baina atzo jakinarazitako pausoak ez dio logika horri jarraitzen, eta Sanchezen gobernuak estreinakoz aurkeztuko du helegite bat.

Antikapitalisten testuak 2015eko azaroaren 9an Kataluniako Parlamentuan aurrera ateratako proposamenaren «helburu politikoak» ditu oinarrian. Mozioak eskatzen dio gobernuari 90 egunen buruan aurkez dezala plan bat, aurreko legegintzaldian onartu eta Konstituzionalak bertan behera utzitako hamalau legeak berreskuratzeko, eta sei hilabeteko epean aurkez ditzala horretarako lege proiektuak.

Kataluniako Gobernuaren iritziz, Madrilen erabakia «ez da albiste ona», kontuan harturik Kataluniako Parlamentuak «subiranotasun osoa» duela eta bi egun geratzen direla bi agintarien arteko bilerarako.

Autodeterminaziorik ez

Inpugnazioaren berri emateko prentsaurrekoan, Espainiako Gobernuko bozeramaileak gogorarazi zuen Torrak etzi aukera izango duela «edozein auzi edo gai» mahai gainean jartzeko, baina, aldi berean, ohartarazi zion autodeterminazio eskubidea «ez dela existitzen» eta, beraz, Kataluniako presidentearen erreibindikazioak ez duela «ibilbiderik egingo». Torra, ordea, prozesu subiranista burutzeko proposamenekin joango da Madrilera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna