Migrazioaren eztabaidako fronteak

Estatuen arteko desadostasunak handitzen ari dira abenduko goi bilerari begira. Iheslarien eskubideak murrizteko legea onartu dute Italian
Salvini Italiako Barne ministroa, artxiboko irudi batean.
Salvini Italiako Barne ministroa, artxiboko irudi batean. ETTORE FERRARI / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko azaroak 30
Migrazioaren inguruko goi bilera garrantzitsua dute NBE Nazio Batuen Erakundeko estatuek, Marrakexen (Maroko), abenduaren 10ean eta 11n. Bilera horretan, iragan uztailean adosturiko Migraziorako Munduko Ituna sinatuko dute: hitzarmena loteslea ez den arren, gatazka eta eztabaida ugari sortu ditu hilabeteotan, eta keinu eta erabaki diplomatiko askoren oinarri izan da; batez ere, asteon. Europan bertan, akordioak agerian utzi du, beste behin ere, migrazioaren inguruko ikuspuntu anitz daudela talde komunitarioan: bi eguneko epean, Italiako Diputatuen Ganberak migratzaileen eskubideak murrizten dituen legea onartu du, eta Alemaniako Parlamentuak baiezkoa eman dio Marrakexko ituna sinatzeari. Eslovakiakoak, berriz, hori ez egiteko eskatu dio gobernuari. Desadostasunak, beraz, agerikoak dira.

Gaur-gaurkoz, hamar bat gobernuk adierazi dute migrazioaren akordioa ez sinatzeko asmoa: AEBek, Hungariak, Austriak, Australiak, Bulgariak, Israelek, Poloniak, Suitzak, Txekiak eta Italiak. Herrialde horien argudioa zehatza da: itunak «subiranotasun nazionala» oztopatzen duela. Gutxi dira —NBEn 193 herrialde daude—, baina migrazioaren inguruan indarra hartu duen diskurtso bat irudikatzen dute.

Jarrera horren adibide da Italian onartu berri duten legea: Matteo Salvini Lega eskuin muturreko alderdiaren buruzagiak eta Barne ministroak bultzatuta, orain migratzaileek askoz ere zailago izango dute herritartasuna lortzea, «babes humanitariorako» estatusa eta egoitza baimena eskuratzea, eta beste hainbat laguntza jasotzea. «Italia seguruago izateko aurrerapauso bat», txiokatu zuen Salvinik, legeari erreferentzia eginez.

Ganberako saioaren ostean, Italiako lehen ministro Giuseppe Contek migrazioaren auziaren inguruko agerraldi bat egin zuen, eta, haren hitzak aztertuta, agerian geratu zen iragan uztaileko testua adosteko saioetan izan ziren herrialdeetako askok kontrako iritziarekin ikusten dutela orain testua. Hemezortzi hilabeteko negoziazioen emaitza izan zen, eta, besteak beste, 23 oinarri adostu zituzten, sinatzaileek horiek kontuan har ditzaten etxean, migrazioarekin zerikusia duten neurriak hartzerakoan.

Hain justu, oinarri horiek jarri dituzte jomugan eskuin muturrak eta migrazioaren aurkako gobernuek, etxeko ahaleginak «murrizten» dituztelakoan.

Schengeneko kontrolak

Migrazioaren auzia lehen lerrora itzuli den une berean, Europako Parlamentuak Schengen eremuko kontrolak urtebetera murrizteko eskatu du. Egun, bi urtekoak dira, eta epea aldatzeko beharra dagoela uste dute eurodiputatuek: horregatik, atzoko saioan, parlamentuak erabaki zuen bere jarrera zehaztea, Europar Kontseiluak auziaz izango dituen eztabaidei begira. 2015az geroztik, sei herrialdek jarri dituzte martxan kontrolak etenik gabe; tartean, Frantzia eta Alemania.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna