Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Neskatila onak

2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
1651. urteko abuztuko gau berotsu batean, Ana Bastero, 15 urteko neskatila, bere etxeko atean Catalina de Arroniz eta Graciana de Etxarrenekin sutsu zebilen hizketan; bi adineko emakumeen ustetan, Anaren jokabidea lotsagarria omen zen, etxe barruan egon beharrean neskatila on bat bezala, etxetik kanpo eta bakarrik zebilen askotan. Are okerrago, behin baino gehiagotan herriko mutilekin zebilen. Bi emakumeak neskatilaren amaren kontra, Maria Lastuyren kontra, ere hasi ziren, zer-nolako ama batek onar zezakeen bere alaba ezkongabea mutilekin hizketan ibiltzea? Bakarrik eta gauean? Ez al zuten biek lotsarik? Ana ez zen isilik gelditu, eta erantzun egin zien bera aske zela nahi zuenarekin hitz egin eta ibiltzeko. Neskatilaren «lotsagabekeriak» inguruan zeuden beste bizilagunen protestak piztu zituen; oihuka eta mehatxuka, Anaren amaren kontra gerturatu ziren horrelako jokabidea onartzeagatik. Lerinen horrenbesteko iskanbila sortu zen Ana Basteroren izaeraren harira eta bere amaren utzikeriaren kontura, ezen eta bertako autoritateek eskua sartu behar izan zuten herriko bakea berreskuratzeko.

Leringo biztanleen haserrea garai hartan ulertzekoa zen, Anak neskatila ezkongabe batek bete behar zituen arau guztiekin apurtzen zuen eta. Fray Luis de Leónen La perfecta casada edo Juan Luis Vives bezalako garai hartako pentsalarien arabera, emakume ezkongabeen lehenengo betebeharra zen gurasoei kasu egitea, kristau onak izatea, birjinak, apalak eta isilak. Horrela, eta bakarrik horrela, lortuko zuten bere bizitzan izan behar zuen helburu nagusiena; ezkondu, emazte onak izan eta kristau txiki asko sortu. Ana bezalako neska batek garai hartako idealaren oinarri guztiekin apurtzen zuenean zigorra merezi zuen, baita bere amak ere, haren jokabidea onartzeagatik.Horregatik Leringo bizilagunek Ana eta Maria Nafarroako Gorte Nagusira auzitara eraman zituztenean «por escándalo y mal comportamiento», Gorteak arrazoia eman zien, ama bere alaba «zuzentzera» derrigortu zuen, eta, «neskatila txar» bat bezala jokatzen jarraituz gero, herritik kanporatua izatera zigortzen zuen 15 urteko gaztea.

Nolako neskatilak hezten ditugu gaur egun? Gehiegikeria litzatekeela esanen zuten askok, gaur egungo neskatxa batek horrelako irainak jasoko zituenik beregan espero den jokabidetik ateraz gero. Edo, agian ez? Greta Thunbergekin gertatutakoa ikusi ondoren esanen nuke garai batetako doktrinamenduek bere indarra mantentzen dutela gaur egun. Ez naiz sartuko gaur gure gaztetxoek euren jokabide sexualaren inguruan jasotzen duten presioaz, hiru artikulu edo liburu oso bat beharko nituzkeelako. Baina begira zer gertatu den 16 urteko neska batek ahotsa altxatu duenean; alde batetik zein bestetik, neska gazte batek izan beharko lukeen jokabidea hori ezin dela esan leporatu diote. Paternalistak izan dira bere inguruan bota diren iritzi gehienak: bere adinarekin ikasten egon beharko lukeela, edo bere gurasoek ez dutela behar bezalako lana egin berarekin. Itsusia, histerikoa, eta bestelakoak entzun izan ditut ere. Emakumeok orokorrean eremu publikoan lekua hartzen dugunean esaten zaizkigun ohiko laudorioak, azken finean. Baina dirudienez min handiagoa ematen die batzuei autoritatea zalantzan jartzen duenna emakumea, gaztea gainera, denean. Zalantzarik gabe, Gretak bere papera behar duen bezala jokatu balu, alegia neskatila on, isil, ikasle on, irribarretsu eta arauak betetzen dituenarena, neskatila ontzat hartuko zuten gehienek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.