168 milioi pertsonak beharko dute giza laguntza datorren urtean

NBEk 29.000 milioi dolar eskatu dizkio nazioarteari, 109 milioi pertsona lagundu ahal izateko

2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Inoiz baino pertsona gehiagok beharko dute giza laguntza 2020an: 168 milioik, hain zuzen. Iaztik, 22 milioi gehiago dira laguntza beharrean daudenak. NBE Nazio Batuen Erakundearen esanetan, arrazoi nagusiak hauek dira: iraupen luzeko gatazkak, muturreko gertaera klimatikoak eta izurriteak. Gaur aurkeztu du NBEk Giza ikuspegi orokorra txostena, eta aurreikusi dute datorren urtean 29.000 milioi dolar beharko direla 109 milioi pertsona zaurgarrienei laguntza emateko.

Txostenaren arabera, 45 pertsonatik batek behar du janaria, ostatua, osasun laguntza, babesa eta bizirik irauteko oinarrizko bestelako laguntza. Datuak kezkagarriak dira, baina laster okertu daitezkeela ohartarazi du Mark Lowcock NBEko Larrialdiko Laguntzarako koordinatzaileak: «Orain arteko bilakaerarekin jarraituz gero, uste dugu 2022. urterako 200 milioi pertsona baino gehiago egongo direla laguntza beharrean».

Bestalde, salatu du langile humanitarioek gero eta zailtasun handiagoak dituztela larrialdian dauden herrialdeetan lan egiteko.Lowcockek adibide modura aipatu ditu 2019 hasieran langileen eta instalazioen aurka egindako 800 eraso inguru. Herrialde batzuetatik langileak atera behar izan dituzte, egoeraren arriskuagatik.

Zaurgarrienei kalte handien

Gatazkekin arduratuta azaldu da Lowcock: «Inoiz baino haur gehiago hil eta elbarritu dira». Gainera, sexu eta genero indarkeria jasateko arrisku handiagoa izan dute emakume eta neskek gatazka eremuetan, aurreko urteekin alderatuz. Klima aldaketak, bestalde, herririk pobreenei eta zaurgarrienei kalte egin die gehien; lehorte, uholde eta zikloiek gogor jo dituzte. Epidemiei dagokienez, giza laguntza behar dutenen kopurua izugarri hazi da. Lowckokek zehaztu du Afrikan elgorri kasuek %700 egin zutela gora urteko lehen hiru hilabeteetan, iazko hilabete horietako kasuekin konparatuta.

Yemen dago larrien

Lowcockek azaldu du 2020an Yemen izango dela munduko krisirik larriena sufrituko duen herrialdea. Bost urteko gerraren ostean, herritarren %80k beharko dute laguntza.

Denbora luzea gatazkan daramaten herrialde hauek ere beharko dute laguntza: Venezuela, Afganistan, Burundi, Irak, Siria eta Afrika Erdialdeko Errepublika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.