Crida Nacionalek independentismoa bateratzeko alderdia osatu nahi du

Urriaren 27an egingo dute mugimendua sortzeko batzarra, eta abenduaren 6an lehen kongresua

Erredakzioa
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Crida Nacional per la Republica mugimenduak independentismoa bateratuko duen alderdia eratzeko egutegia iragarri du. Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak sustatu eta iragan uztailean aurkeztutako egitasmoa beste urrats bat emateko prest da. Proiektu subiranista bat gauzatzeko indarrak metatzea da asmoa. Ferran Mascarell, Gemma Geis eta Toni Morralek prentsaurreko bat eman zuten atzo egitasmoaren hurrengo ekitaldien berri emateko.

Urriaren 27an egingo dute Crida Nacional sortzeko batzarra, independentzia aldarrikapenaren urtemugaren egunean, hain zuzen ere. Ekintza plana aurkeztuko dute orduan, ildo politiko, barne egituraketa eta izaera juridikoaren inguruko barne eztabaidari ekiteko, eta handik aste batzuetara, berriz, aurreneko kongresua egingo dute, abenduaren 6an. Hori izango da mugimendu politiko transbertsalaren izaera artikulatzeko abiapuntua, eta alderdi politiko bilakatzea da asmoa. Orduan aukeratuko litzateke mugimenduaren zuzendaritza.

Heldu den urteko udal hauteskundeei begira, indar subiranistak elkarrekin aurkeztea izango litzateke lehen erronka. Mascarellek zehaztu du azken helburua: «Urriaren 1eko erreferendumaren indarra elkartu eta ahalik eta batasun handiena metatzea da helburua, prozesu independentistak emaitza onenak izan ditzan». Zalantza da, ordea, ea alderdi independentista guztiek bat egingo ote duten egitasmoarekin. Oraingoz, PDeCAT da mugimenduarekin bat egin duen alderdi bakarra. ERCk eta CUPek, aldiz, baztertu egin dute parte hartzea.

Cridak zabaldutako dokumentuak dio mugimenduak alderdien arteko «gatazkak gainditu» asmo duela, hori izan delakoan «benetako batasun subiranista» lortzeko arantza. Gizarte zibilaren ordezkari izan nahi du, eta, alde horretatik, norbanakoak bereganatu nahi ditu. Atxikimendua lortzeko deia ere egin du orain, 50.000 lagunen babesa duela.

CDRen protesta

Errepublikaren defentsarako batzordeak babesten dituzten herritarrek, berriz, protesta egin zuten atzo Kataluniako Justizia Auzitegiaren atarian, «injustizia eta jazarpena» salatzeko. Kartzela zigorrak eskatu dituzte CDRetako 11 lagunen kontra. Mossoek ehun bat lagun sakabanatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.