Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Txikikeriak

2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Mariana adiskidearekin gogoratzen ari naiz egun hauetan, aspaldiko partez, oraingo kalapitaren erdian hari entzundako zenbait kontu jira-bira ditut eta.

Nikaraguan ezagutu genuen elkar; han eskasia handiko garaiak zirela, gure apalean zerbait egin genezakeela uste izanda, hara joan ginen lagun talde batean. Handik denbora batera, gurera etorri zen Mariana, eta pozarren bildu ginen aireportuan bere bila joandakoak. Besarkatu, musukatu eta abiatzeko zain ginela tabernara hurreratu ginen; neuk galdetu nion zer hartu nahi zuen, eta hark erantzun: «Dagoena». Hitz bakar batekin nire tokia erakutsi zidan, nahi dena nahi den moduan eta unean eskuratzea normala dela uste duen kasta pribilegiatuaren tontorrean. Mariana etxez etxe ibili zen gurean egon zen tartean. Bueltako egunaren bezperan agur festa antolatu genion, eta ikusitakoetatik zerk harritu zuen gehien galdetu nion: geure etxeetako liburutegiak aipatu zituen, ez handiak edo ongi hornituta zeudelako, etxe guzti-guztietan liburu berberak zeudelako baizik. «Edateko ugari dago hemen, baina pentsatzeko urri, itxuraz». Kanpoko begirada batek txikizio ederra eragin dezake ohikotasun ustez orbangabean.

Etxean bakartuta egotera derrigortuta gaude, eta horrek egunerokoa erabat aldatu digu. Ezin gaitezke etxetik atera, baina egunero sartzen ari gara besteen etxeetan, egongela, sukalde eta baita logelatan ere. Besteekin partekatzen genuen munduaren zatia galdu dugu, eta, orain, geure etxeetan lekua egin behar dugu normalean kalean gertatzen zen hori erabat galduko ez badugu. Duela hiruzpalau aste esan izan baligute intimitatea horren erraz biluzi egingo genuela kanpoko begiraden aurrean, neuk behintzat, ez nukeen sinetsiko.

Bideo deiak egiten ditugu lagunen artean iluntzeetan, konferentzia gela birtualak antolatzen ditugu bezero edo lankideekin eta senideen eta auzokoen artean banatzen ditugu sofako gure burutaziorik ergelenak ere. Gure etxeak herriko plaza bihurtu ditugu, balkoiak antzoki, eta etxeko korridoreak kirol pista. Zeinek esango zuen: derrigorrezko urruntze soziala eta borondatezko intimitate erakustaldia elkarren eskutik etorri dira.

Egoerak erabat normaldu izan ez balu, nekez ausartuko nintzateke hainbat lankideren logeletan begia jartzen edota zakar antzean erantzun ohi didan bezero horren sukaldeko paretako koadroa atsegin zaidala esaten.

Fruta supermerkatuan erosten dudan aldiro errieta egiten didan lagunaren etxean ez dut ikusi Ikeakoa ez den altzaririk; bide batez esanda, katalogoan liburutegi modelo bat besterik ez dagoela ematen du, ia etxe guztietan berbera ikus daiteke eta. Erretzeari utzi diola iragarri digun lagunak kamera itzaltzen du hiruzpalau minutuz, eta arnas hots susmagarriak aditzen zaizkio mikroa amatatzea ahaztu egiten duenean.

Pantailaren ertzetako margolan kostunbristek asko erakusten dute garenaz, xehetasun horiek, txikikeria horiek guztiek garenaren ingerada margoztatzen baitute, elkarri aitortu ohi diogun baino askoz modu zehatzago batez. Espero ez duzuna aurkitzean, edo luzaroan ez erakusten saiatu izan zaren hori agerian lagatzean elkar ikusteko beste modu bat ematen ari gatzaizkio. Gure lagun Marianari bezala, neuri ere harrigarri egiten zaizkit ohikotasunaren testuingurutik kanpo behatzen ditudanak.

Ezohiko egoera honek pitzadurak sortu ditu elkarren artean altxatu ohi ditugun harresietan, eta neure buruari galdetzen diot kapaz izango ote garen normala denari eusten eta orain arte norma, arau, izan denaren kaltetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.