Kenyak bere tropekin lagunduko du Kongoko Errepublika Demokratikoa

Herrialdearen ekialdera bidaliko du armada, han zabaltzen ari diren matxinoen aurka egiteko

Erredakzioa
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Talde armatuen erasoak ugaritzen ari dira Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean; batez ere, Ituri eta Ipar Kivu eskualdeetan. Horien aurkako borrokan Kenyako tropen laguntza izango duela iragarri zuen atzo Felix Tshisekedi presidenteak. «Kenyako tropak Kongoko Errepublika Demokratikora helduko dira datozen asteetan, gure indar armatuei eraginkortasunez laguntzeko terrorismoarekin eta indarkeriarekin herrialdean dugun arazoarekin», adierazi zuen, Kenyako presidente Uhuru Kenyattari egindako bisita batean.

Haren esanetan, Kenyak «bere borondatez» onartu du FIB Azkar Esku Hartzeko Brigadaren parte izatea. NBE Nazio Batuen Erakundeak gidatzen du brigada hori, eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren armadari sostengu militarra ematen dio. Kenya horretara batzeak «arazoari modu eraginkorragoan erantzuten» lagunduko diela adierazi zuen Tshisekedik. Gobernuari egiten zaizkion kritiken aurka ere egin zuen, esanez «kezkatuta» daudela ekialdean gertatzen ari denarekin. «Indarkeria guztiz erauzi arte» ekingo diotela ziurtatu zuen.

ADF Indar Demokratikoen Aliantza eta FDLR Uganda Askatzeko Armada Nazionala talde armatuen aurka ari da gobernua eremu horretan, eta parte bat kontrolpean dute bi milizia horiek. Kongoko II. Gerratik etsaituta daude bi aldeak, eta ohikoak dira haien arteko liskarrak. Giro politikoa nahasia da aspaldian herrialdean, gainera. Gobernua osatzea lortu du Tshisekedik, baina ez egoera egonkortzea.

Erasoen jo puntuan dago Monusco ere, Kongoko Errepublika Demokratikorako Nazio Batuen Misioa. Gerraren ostean herrialdean bakea ezartzeko eta ikuskatzeko sortu zuten, baina zenbait miliziak areriotzat hartu dute. Herenegun, esaterako, soldadu kongoar bat hil zuten, Monuscoren base baten aurka Ipar Kivun egindako erasoan. Bi egun lehenago, lau lagun hil zituzten Butembo hirian, beste base militar baten aurkako erasoan.

Zibilek ere kritikatu dute erakunde hori. Ipar Kivun herritarrak babesgabe utzi izana leporatu izan diote, miliziak eta armada ingurua bereganatzeko lehian dauden bitartean.

Monuscoko komandante Thierry Lionek atzo esan zuen indartu egingo dutela FIB brigada. Horrekin batera, ADF miliziaren aurkako borrokan «aurrerapenak» egin dituztela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.