mikel elorza
ARKUPEAN

Ez hain haserre

2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Galbanaren alde idazteko asmoa neukan. Itxialdia hasi zen lehen unetik beretik adituek, psikologoeketa bestek gaztigatu ziguten ez gintezela nagikeriaren tentaldian erori, ez uzteko gure gorputzei gurikerian ahitzen, eta laster azaldu zizkiguten ordutegiak errespetatzearen onurak eta ia derrigorrak, agenda bete beharrak, itxialdi kardio-osasungarria egiteko aieruak, okupazioaren —denborarena, ez hutsik dauden etxeena— garrantzia eta beste hainbat aholku, iradokizun eta kasik hagindu.Egin gauzak, antolatu, planifikatu eta ez jausi laxokerian, esan digute bizitza Excel tauletan egiteko gai diren guruek. Azkena dela, txarrena, abandonua: desordutan jaiki edo oheratzea; eguna izarrei begira pasatzea, bazkalorduak nahieran antolatzea eta itxialdi batek baimendu ditzakeen beste zenbait bizio —zeinak oso gutxi diren, egia esan—.

(Bizioak hizpide, albistegietan gutxi aipatzen diren krisiaren zenbait biktimarekin akordatu naiz: substantzia ez-legezkoen trafikanteak, maitaleak, hala leial nola polimaitatzaileak, bulegoa saldu gabeko bolatxoz eta ukenduz beteta geratu zaizkien homeopata eta alterterapeutak, inongo mediok aditu gisa deitzen ez diela, Tinder eta Grindr-en erabiltzaile premiumak, kale saltzaile oro, bereziki ilegalenak, lapur txikiak —handiak ondo ari dira, telelapurretan—,erretzaile sozialak, parkeetako txorien elikatzaileak...)

Galbanaren alde, beraz, baina aldarrikapena norberaren askatasuna bestearen sudurra hasten den tokian amaitzen deneko abiapuntutik egina: ahaztu gabe badela alferkeria estruktural bat, lisa-burdina, hautsaren trapua eta mantala beste norbaitek, emakumezko batek usuenik, hartzea daukana oinarri.

Baina ez da harritzekoa besteren itxialdia antolatzeko grina hau, besteri zer egin behar duen eta nola egin behar duen esatea kirol faboritoa den herri honetan. Lehen ere hala zen, eta kaiolaldiak areagotu eta erraztu egin du. Sare sozial eta meza-hedabideetatik txango bat egitea besterik ez dago: kargu hartzearen erresuma da, errietaland. Hau gaizki, hura okerrago, hari kritika, honi egurra, hari iraina, besteari zaunka... Zenbat jende bizi den amorratuta, arraioa!

Norberari gonadetan jartzen zaiona egin ahal izatearen alde idazteko asmoa zen nirea, itxialdia marine-en instrukzio-kanpamendua bailitzan antolatu nahi duenak, antola dezala, fenomeno, eta berrogeialdia probetxuzko ezer egin gabe iragan nahi duenak, bada berdin, egin dezala. Elkar estigmatizatu gabe.

Izan ere, askok bestela ere nahiko lan izango du itxialditik onik irteten. Buru aldetik, diot. Osasun sistema sendoa behar dugu orain, noski (eta publikoa, unibertsala...), baina gero ere beharko dugu. Eta ez gripeak artatzeko, lepotik gorakoentzat baizik. Asko dira lehendik eregure artean mundua diferente ikusten dutenak, ez hobeto edo okerrago, diferente baizik (eta horiek egoera honetan ariko dira sufritzen). Baina ez da txikiagoa izango, ene ustez, itxialdiaren ondorioz ganbara matxuratuko zaienen kopurua, areagotua irekialdia iristean topo egingo dugun errealitatearekin. Seguruenik krisi ekonomiko latzean, poblazioaren eremu batek —gure gizarte-ontzi honetan tilapean bizi direnak—panorama beltza edukiko du, eta horri aurre egitea ez da erraza. Hortik sor litezkeen amorru eta erneguak gizartea aldatzeko erabiltzen asmatu beharko genuke —aldatu beharra dagoela agerikoa egin da—, asmatu iraultza Twitterretik atera eta amorru eta ezintasunek ohiko kanaletatik ez dezatela ihes egin: depresioak, neurosiak, etxeko biolentziak...

Eta behin amorrua bideratuta, eraiki dezagun gizarte justuagoa, berdinagoa, irekiagoa... eta, aukeran, ez hain haserre bizi dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.