Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Anormaltasunaren bila

2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Alarma egoera hasi zenetik bi hilabete baino gehiago igaro diren honetan, begirada itxialditik harago kokatzeko aukeraz baliatzeko garaia iritsi da; egoera honek benetan garrantzitsua dena erdigunean jartzeko balioko du? Hainbestetan erabili dugun lelo horri so eginez, bizitzak erdigunean jarriko ditugu behingoz? Indartuta aterako gara? Edo, lehenagoko egoerara edo okerrago batera itzultzeko baino ez du balioko?

Hainbestetan esan den bezala, krisi hitzak jatorrizko adieren artean aukera esan nahi du. Beraz, gure gizartearentzat benetan zer nahi dugun planteatzeko aukera ematen digu pandemia honek. Nik, nire aldetik, ez dut normaltasun zaharrera itzuli nahi; ongizatea hazkunde ekonomikoaren eta ekoizpenaren igoeraren parametroetan neurtzen zuen normaltasun horretara; zaintzak ikusezin bihurtu dituen normaltasunera, osasunari eta hezkuntzari zentraltasuna kendu dion errealitate normal horretara. Osasun krisiarekin batera, krisi ekonomikoa bat-batean iritsi zaigu, eta oraingoan jakin nahiko nuke zein izanen den erabakitzeko gaitasuna dutenek emanen duten erantzuna. Normaltasun zaharrean ezagutu genuen zein izan zen beraien jarrera; 2008ko krisialdiaren zama betikoen gain jarri zuten; langile, langabetu, zaintzaile eta eskaileraren beheko mailetan dauden guztiengan. Zein da asmoa oraingoan? Behingoz partida orekatuko da? Esate baterako, karga fiskala orekatuko dute? Oraingoan, ahalegin bat eskatuko zaie beren aukeren gainetik bizi izan direnei? Hau da, banketxeei, enpresari handiei, ondare handien jabeei? Edo gu izanen gara egoera honetako paganoak berriro ere?

Gaur bertan, osasun krisialdiak ekarri digun krisialdi ekonomikoari buruz hitz egin dut lagun batekin, eta iragarpen beltz bat egin diot: «Kultur sektorean lan egiten dugun askok kalean eta lanik gabe ikusiko dugu elkar 2021. urtean». Badirudi behingoz osasunaren eta hezkuntzaren garrantziaz jabetu direla asko, baina susmoa dut berriro ere benetan garrantzia duten sektore ekonomiko klasikoak (lehen sektorearekin zerikusia duen guztia) babesteko joera itzuliko dela, eta besteok egurra jasoko dugula aurrekontuen murrizketen forman. Orokorra izanen da ziurrenik ere; orain dela 10 urte bezala, berriro ere sumatzen gabiltza zein prekarioa den benetan gure egoera, ezusteko bat datorkigunean zein segurtasun gutxi ditugun.

Beraz, aurrekontuak eta lehentasunak nola bideratzen diren ikusi nahiko nuke oraingo honetan. Hau da, espero dut begi-bistakoa izatea hamarkada batez gizarte zerbitzuetan, osasunean eta hezkuntzan murrizketak egin ondoren, guraizeek ezin dituztela sektore horiek berriro ukitu. Baina espero dut, era berean, ohartaraztea badaudela sektore batzuk ez direnak inoiz joste-tailerretik pasatu, eta guraizea aplikatzea komeni litzaiekeenak. Aberastasun handiak, estatuaren aldetik kreditu mugagabea jaso zuten bankuak edo armadak langileriak dagoeneko hainbestetan egin duen ahaleginari erantzunen diote behingoz? Jakina, ez da bere borondatez izanen, eta, tamalez, Espainiako Gobernua ere ez dut ikusten sektore horiei ekarpenak egitera behartzeko adinako adorearekin. Errazagoa da defendatzeko tresna gutxiago dituztenak jotzea.

Laburbilduz, ez dut aurreko normaltasunera itzultzeko gogo handirik. Bestelako anormaltasunak bilatu beharko ditugu, eta normaltzat jotzen genuen horri guztiari buelta eman beharko diogu. Normala izan bazen krisialdi batean kulturaren sektoreari errurik gabeko murrizketak egitea, gizarte zerbitzuak deuseztatzea, osasun zerbitzuak pribatizatzea eta hezkuntza gutxiestea, bila dezagun, arren, anormaltasuna.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.