Kabulek aitortu du indarkeriak nabarmen egin duela gora otsailetik

Nazioarteak 10.000 milioi euroko laguntza iragarri du Afganistanerako, datozen lau urteetarako

arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Lau urtean behin egiten dute Afganistanerako Nazioarteko Diru Emaileen Konferentzia. Atzo egin zuten azkena, datozen lau urteetan herrialde hari emango dioten laguntza zehazteko. 10.000 milioi euro baino gehiago izango dira, aurreko urteetan baino gutxiago, besteak beste, nazioartea ere pandemiak eragindako krisitik ateratzeko lanetan dabilelako. Genevan egin zuten batzarra, NBE Nazio Batuen Erakundeak deituta, eta Antonio Guterres idazkari nagusiak aukera baliatu zuen ohartarazteko nazioarteko laguntza ez dela «txeke zuri bat», eta Kabulek ahalegin berezia egin beharko duela bake elkarrizketak bultzatzeko. Bake negoziazioekin jarraitzeko «asmo irmoa» dutela berretsi zuen Ashraf Ghani presidenteak, baina aitortu zuen otsailetik nabarmen handitu dela indarkeria: «Bake prozesua ez da guk espero genuen modukoa izan. Herritarrek egunero egin behar diote aurre sufrimenduari eta heriotzari. Jasanezina da». Atzo bertan, bi lehergailuk hamalau lagun hil zituzten Bamiyan hirian. Talibanek ukatu egin zuten erasoa beraiek egin zutenik.

Herrialdeak dituen erronka nagusien artean dago «gazteei etorkizun duin bat» bermatzea. Afganistango herritarren bi herenek 30 urte baino gutxiago dituzte, eta urtero 400.000 gaztek erabakitzen dute lan bila hastea, eta hori ez da erraza gerrak jotako herrialde batean. «Azken urteetan,urrats handiak egin ditugu gizarte alorrean, baina COVID-19ak okerragotu egin du egoera, batez ere pobreziari dagokionez», azaldu zuen Ghanik.

Bake negoziazioak hasi besterik egin ez diren honetan, Afganistango Gobernuak aurre egin beharko dio nazioarteko tropen erretiratzeari ere. AEBek datozen asteetan erretiratuko ditu beste 2.000 militar, eta horiek gabe 10.000 soldadu soilik izango ditu nazioarteak herrialde hartan —150.000 ziren 2011n—. Alde horretatik, lasaitasunerako deia egin du Ghanik, eta nabarmendu dagoeneko Afganistango armadak bere kabuz egiten dituela operazio militarren %96.

Baina nazioarteko tropen erretiratzeak kezka ere eragiten du herrialdeko goi kargudunen artean. Talibanekiko bake elkarrizketak hasiak dituzten arren, presidenteak berak aitortu duenez, erasoak ez dira eten, eta asko beldur dira nazioarteko soldaduak erretiratuta egoerak okerrera egingo ote duen, batez ere herrialdearen hegoaldean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.