Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Legitimitatea

2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako komunikabide orokorretan jaso dena alde batera utziz, leiho honek eskaintzen didan bozgorailu hau baliatu nahiko nuke Altsasuko herria zoriontzeko. Aurreko artikuluan idatzi nuen bezala, CiudadanOX eta PPk, teorian ordenaren oso aldekoak diren hiru alderdiek, askatasunaren ikurpean Estatuko Segurtasuneko erakundeen defentsaren aldeko ekitaldia antolatu zuten, baina ez zuten inolako enbarazurik izan Altsasuko herritarren bakea eta ordena apurtzeko. Probokazio bat izan zela badakigu, beraien kontakizuna mamitzea besterik ez zuten bilatzen; hau da, beraiek bezala pentsatzen ez dugunok, gainera euskaldunak edo katalanak bagara zer esanik ez, biolentoak garela eta ondorioz legitimoa dela gu diziplinatzea.

Alaitasuna, askatasuna eta festaren aldeko deia egin nuen aurrekoan, uste dudalako probokazioaren aurrean hori izan daitekeela herri bezala eman dezakegun erantzunik hoberena, eta horrela erabaki zuen Altsasuk eta bertaratu ziren guztiek. Musika eta festa giroa nagusitu ziren, baita Gabon Zaharreko kanpaiak aurreratu ere!

Igande beltz bilakatu nahi zuten egun koloretsu horretako aurreko eta ondorengo egunetan, Altsasuko alkatearen adierazpenak entzun nituen irrati ezberdinetan. Alkateak kazetariei behin eta berriro errepikatu zien bere lana ordena mantentzea zela, eta alderdi hauen diskurtsoa legitimoa izan arren, ez zituela elkarbanatzen ez moduak, ez Altsasuren inguruan egiten ari zuten erabilpen politikoa. Uler dezaket alkatearen papera instituzionala izan behar duela, baina ezin dut legitimitatearen inguruan duen ikuspuntua partekatu.

Voxen diskurtsoa argi eta garbi xenofobo, arrazista eta matxista izateaz gain, amorruaren aldekoa da. Gehiegizkoa iruditzen bazaizue esan berri dudana, urriaren 7an Vista Alegren Abascalek eskaini zituen hitzak baino ez dituzue entzun behar. Iritzi guztiak ez dira legitimoak, behintzat nik legitimotasuna ulertzen dudan moduan; komunitate bateko kideek arau orokortzat onartzen dutena inposizio edo indarkeriarik gabe. Muturreko eskuinerantz piztu duten lasterketa honetan, PP, Ciudadanos eta VOXek defendatzen dituzten ideiak onartezinak dira. Ez dezagun arren adierazpen askatasuna, legitimitatea eta horrelako kontzeptuak erabili diskurtso arrazista, intolerante eta matxisten aurrean. Giza eskubideen aurka doazen ideiak ezin dira legitimoak izan, ezin diren bezala kokatu adierazpen askatasunaren eremuan.

Altsasura probokatzera etorri ziren, argi eta garbi. Erreakzio bat bilatzen zuten gu intolerante izendatu nahian. Autobusetatik jaitsi ziren sakelako telefonoa eskuetan «Vascongadas»-etara egindako inkurtsioa grabatzeko; «begira, Paco, euskaldun bat!», zoologiko batera animalia basatien kaiolara gerturatzen dena bezala. Eta, euren kontakizunerako grabatutakoa itxuroso gelditu ez zitzaienez, kontakizuna gezurrez bete behar izan zuten; «harriak bota dizkigute, intoleranteak dira, zigorra merezi dute». Badakigu mass media nagusiak alde dituztela, baina kontakizunaren eremuan ezin diegu irabazten utzi, egiten dutena legitimoa ez delako eta, batez ere, gezurra delako.

Hemendik, beraz, nire zorion onena Altsasuko herriarentzat; bi urte luzez jasaten ari zaretena ez da erraza. Amorrua baino ez duzue jaso, baina ez duzue amorruarekin erantzun. Abestiak dioen bezala, txarrenari onena atera diozue, minari aurpegia eta gezurrari egia. Kolorez bete zenutelako intoleranteek beltza nahi zuten igandea; zorionak, Altsasu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.