Martin Agirregabiria. Alaveseko jokalaria

«Zelaian gozatzen da gehien, baina asko ikasi dut aulkian egonda»

Atzelari gasteiztarrak azpimarratu du Alavesek «talde izaera» berreskuratu duela Abelardo Fernandezekin. «Sendo» eta «konfiantzaz» ikusten du orain taldea, eta gaur Bartzelonaren aurka emaitza ona lortuko duten itxaropena dauka.

JUANAN RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Alavesek ehun urte bete berritan, 100. neurketa jokatu zuen Martin Agirregabiriak (Gasteiz, Araba, 1996) Arabako taldean, duela bi aste. «Gutxienez beste ehun partida» jokatu nahi ditu harrobikoak elastiko zuri-urdinarekin.

Garaipen batzuek denboraldi baten norabidea finka dezakete. Hala sentitu duzue iragan astean Valladolidi irabazi eta gero?

Baliteke. Getaferen kontra apurtu genuen bolada txarra. Ligan, partida dezente galdu genituen segidan, eta Getaferen zelaian puntu bat lortzea indargarria izan zen guretzat. Gero, oso garrantzitsua zen Valladoliden aurka hiru puntuak lortzea, aurkari zuzen bat izanik. Ez genuen hutsik egin, eta orain konfiantza handiagoa dugu talde gisa. Emaitza alde batera utzita, dugun kalitatea erakutsi genuen. Batzuetan ez da posible izan, egoera ezberdinengatik: adibidez, askotan aritu behar izan dugu jokalari bat gutxiagorekin. Valladoliden kontra, berriz, dena nahi genuen bezala atera zitzaigun.

Zuk erdiraketa paregabeak egin zenituen zelaira atera ostean, eta horietako bati esker sartu zuen Joseluk garaipenaren gola. Pozarren izango zara.

Bai, oso pozik nago, ederra baita taldeari garaipenak lortzen laguntzea eta jokaldi erabakigarrietan parte hartzea. Talde gisa oso neurketa ona jokatu genuen, eta hori da garrantzitsuena niretzat. Baina sentsazioak are hobeak dira norberak bere lana ongi egiten duenean.

Halako erdiraketak egiten dituzula ikusita, gezurra dirudi sasoi hasieran ia jokatu ez izana. Arazo fisikoak izan zenituen, eta, gainera, ez zenuen Machinen konfiantza zeureganatu. Nola bizi izan zenuen bolada hori?

Dena aurreko denboraldiko azken partidan hasi zen, Bartzelonaren aurka min hartu nuenean. Lesioak galarazi egin zidan hurrengo sasoia behar bezala prestatzea, eta lehen jardunaldietara ez nintzen sasoirik onenean iritsi. Niretzako egoera berria izan zen, eta, egia esan, ez zen erraza izan. Ingurukoek asko lagundu ninduten, baita taldekideek ere. Gainera, ez nuen etsi. Garai zailetan ere entrenatzen eta hobetzen jarraitu behar dugu, profesionalak garelako. Azkenean, inoiz ez dakizu noiz izango duzun jokatzeko aukera, eta prest egon beharra dago.

Gaizki ohitu zara: 21 urte eskasekin iritsi zinen lehen taldera, eta jokatzeko aukera ugari izan duzu hasieratik. Baina garrantzitsua da txanponaren beste aldea ere ezagutzea, bestelako irakaspenak jasotzeko. Irakurketa hori egiten duzu?

Bai. Azken finean, ia futbolari guztiek izaten dituzte halako boladak. Oso gutxi dira urtero 30 partida jokatzen dituztenak. Eta, gainera, uste dut garai zailak beharrezkoak direla nork bere burua hobeto ezagutzeko. Irakaspen handiak jasotzen dira. Nik orain arte egin dudan bidea ez da normala, eta jakitun nago zorte handia izan dudala. Zelaian gozatzen da gehien, baina asko ikasi dut aulkian egonda.

Alavesen historian ehun partidako langa gainditu duen jokalaririk gazteena zara, 24 urterekin. Zer balio ematen diozu marka horri?

Eguneroko lanean buru-belarri sartuta gaude, eta batzuetan galdu egiten duzu perspektiba. Elitera iristeak bakarrik sekulako meritua dauka, eta ehun partidara iritsi izanak balio dit konturatzeko egin dudana ez dela batere erraza, eta bide onetik noala. Gainera, ikusten dut denbora oso azkar igarotzen dela: badirudi atzo hasi nintzela jokatzen, eta dagoeneko hiru urte eta erdi pasatu dira. Bideaz gozatu egin behar da. Eta, aurrera begira, indartu egin nau marka hori lortu izanak; motibazio handia dut hemen gutxienez beste ehun partida jokatzeko.

Asko aldatu zara debuta egin zenuen egunetik?

Bai. Fisikoki, maila bat gorago nago. Eliteko kirolariok hobekuntzaren atzetik ibili behar dugu beti, aurkariak gero eta hobeak baitira. Ez baduzu zeure burua lantzen, jai daukazu. Eta mentalki ere nabari dut aldaketa, esperientzia asko bizi izan baitut azken denboraldietan. Oso polita iruditzen zait alderdi ezberdinetan hobera egin dudala ikustea.

Esperientziak aipatuta, sekulakoa izango da zuretzat klubaren mendeurrena barrutik bizitzea, gasteiztarra eta alaveszalea zaren heinean.

Egia da mendeurrenak ez duela esanahi edo intentsitate bera gaur egun dugun egoeran, zalerik gabe ezin baita behar bezala ospatu. Perspektibarekin ikusita, ordea, ohore bat da kluba ehun urte betetzen ikustea, eta are gehiago horren denboraldi berezia zelaian bizi ahal izatea. Zaleak alboan izanda askoz ere politagoa izango zen, baina zer egingo zaio…

Zeintzuk dira Alavesen zale eta jokalari gisa dituzun oroitzapenik kutunenak?

Zale gisa, Alavesek Realari 3-2 irabazi zionekoa aipatuko nuke, 2008an. Markagailua azken orduan irauli genuen, eta urrats handia egin Bigarren B Mailara ez jaisteko. Oso momentu berezia izan zen. Eta jokalari moduan, debuta aipatuko nuke, bai Kopan eta bai Ligan. Sarituta ikusi nuen hainbat urtez harrobian egindako lana.

Debuta Javier Cabellorekin egin zenuen, Espainiako Kopan, Getaferen aurka. Eta gero, Abelardo Fernandezen eskutik finkatu zinen lehen taldean. Hura itzuli izana oso albiste pozgarria izango zen zuretzat, ala?

Noski. Pituri beti egongo natzaio oso eskerturik, berak eman baitzidan aukera Lehen Mailan erregulartasunez jokatzeko. Denboraldi honetan, ezin izan nuen lortu Pablo Machinen konfiantza, baina gauzak aldatu egin dira Abelardoren itzulerarekin. Ligako partida guztiak jokatu ditut bera iritsi zenetik, eta pozik nago emandako mailarekin. Batzuetan zelai erdian jokatu dut, eta beste batzuetan, defentsan; eskuin hegalean, betiere. Aurrelari moduan aritzea agian gehiegi litzateke, baina, bestela, edonon jokatzeko prest nago.

Taldeari ere on egin dio Abelardo itzuli izanak: lehiakorrago zabiltzate, eta zuen gaitasunetan konfiantza handiagoa duzuela dirudi.

Guztiz berreskuratu dugu talde izaera. Entrenatzaileak alor hori indartu nahi izan du hasieratik. Zentzu guztietan dugu maila egokia, eta kapazak gara helburua lortzeko. Sinetsi egin behar dugu gure ahalmenean. Machinekin, talde izaera ez genuen horren indartuta, eta, behin dinamika txarrean sartuta, asko kosta zitzaigun neurketak aurrera ateratzea. Hasieran ongi moldatu ginen, eta gai izan ginen Real Madrili bere zelaian irabazteko. Hori lortzeak hauspotu egin gintuen, baina ezin izan genion bolada onari eutsi. Jokalari gisa, teknikari aldaketak ez dira samurrak, horrek esan nahi duelako ez garela gure lana behar bezala egiten ari. Mingarria izan zen, baina aurrera begiratu beharra dago.

Jokalari batzuk berpiztu egin zarete. Zerori zara adibideetako bat, eta Lucas Perez ere bere mailara itzultzen hasi da. Baduzue haren beharra, ezta?

Argi dago Lucas jokalari ezberdina dela. Entrenamenduetan egunero ikusten dugu kalitate ikaragarria duela, eta partidak erabakitzeko gaitasuna daukala. Horregatik, Lucas sasoiko egotea oso garrantzitsua da guretzat. Zurrumurruak izan dira haren inguruan, baina jokalariok nahiko urrun entzun dugu zarata.

Aspaldian ez zenituzten bi lehia kateatu golik jaso gabe. Oinarria hori da?

Guretzako ezinbestekoa da atea hutsean uztea. Lortuz gero, badakizu gutxienez puntu bat batuko duzula. Gainera, on egiten dio talde osoaren konfiantzari. Sendo egonik, partidei beste jarrera batekin heltzen diezu, eta uste dut hori dela azken partidetan izan dugun hobekuntzaren gakoa.

Gaur are garrantzi handiagoa hartuko du defentsako sendotasunak, Bartzelonaren kontra jokatuko baituzue.

Argi dago zaila izango dela halako aurkari baten kontra atea hutsean uztea, edozein jokalarik edozein jokalditan egin baitezake gola. Baina azken partidetan erakutsi dugun talde izaerari eusten badiogu, uste dut izango ditugula gure aukerak. Defentsan ahalegin handia egin beharko dugu, eta gero, ea aurrelariak fin dabiltzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.