Arrauna

Benetako taldea zein den erakusteko gogoz

Eusko Label ligako ohorezko txandan aritzea bermatuko luketen postuetatik kanpo dago Orio; 6.a da. Halere, taldean motibazioz gainezka daude, eta seguru daude «laster» emaitza hobeak lortuko dituztela.

Mikel Lizarralde Orioko arraunlaria, hankeko istriborrean, kanpoko ziaboga eman berri, Zierbenan. EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
Orio
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Izenak eta izanak soilik ez diote loria debalde ematen taldeari. Arraun elkarte bakoitzak uretan arraun eginez erakutsi behar izaten du zer egiteko gai den, eta lortutako emaitzek islatzen dute non eta zer diren. Orio, bederen, gaur-gaurkoz, Eusko Label ligako seigarren postuan dago kokatuta, sailkapenaren erdi-erdian. Coruñako (Galizia) lehen eta bigarren jardunaldietan zazpigarren eta hirugarren postuetan izan zen; Donostian, hirugarren, eta Zierbenan (Bizkaia), hamaikagarren.

Hain zuzen, Mikel Lizarralde Altxerri Orioko arraunlari gazteenak (Orio, Gipuzkoa, 2001) «katastrofikotzat» jo du azken-aurreko postu hura: «Gurea ez zen izan hamaikagarrena egin genuen sentipena». Txanden artean aldeak egon ziren arren, ez du nahi naturaren aldaketa hori aitzakiatzat hartzea, eta taldearen errendimenduaren ondorioa dela nabarmendu du: «Ez genuen estropada osoa egin, eta, ohorezko txanda batean lehiatuta, garesti ordaindu genuen». Hemendik aurrera, badaki zertan hobetu behar duten: «Estropada bere osotasunean irakurtzea falta zaigu; arraunketa ezin dugu galdu, eta lor dezakegula uste dut».

Gorabeherak gorabehera, eta emaitzak emaitza, Lizarralderen esanetan, seigarren postuan egonda ere, beren egunerokotasuneko lana ez da aldatu: «Ez diogu asko begiratzen postu horri. Uste dugu gure maila emanez gero ohorezko txandan egon ahal izango garela. Aurreko igandean ikusi zen Orio hori benetako Orio ez dela erakusteko gogoz gaude. Emaitza hobeak etorriko dira». Zehazki, garrantzi handia eman dio erregularra izateari: «Azken batean, ohorezko txandatik erabakitzen dira banderak, eta lehia horretan egoteko lehen urratsa ohorezko txandan sartzea da, eta, gero, egonkortzea».

Urtez urte, ordea, ohorezko txandan egoteko hautagai kopurua handitu egin da, eta egoera horrek exijentzia handia eskatu dio talde bakoitzari. «Batzuetan saria jasoko duzu, baina hutsegite bat egitea nahikoa da aurretik egindako lan ona ezerezean geratzeko». Ziaboga ez hain ona egitea aski da estropada kareletik botatzeko edota irteerako txanpan norbera atzetik doala ikusteak burua aztoratzeko: «Zulora eror zaitezke».

Iaztik hona talde murritzagoa dute oriotarrek, baina Lizarraldek «gaztetasunaren ikuspegitik» ez dio garrantzirik eman horri: «Iazko errendimendua mantentzeko gai gara, estropada batetik bestera bizpahiru aldaketa eginda ere». Horretarako, kontuan hartu beharreko aldagaiak bota ditu: «Norberak ardura handia hartu behar du: elikadura arloan, atseden hartzeko garaian eta entrenamenduetan». Talde txikia izanik ere, «oso elkartuta» daude. «Eta guztiok gogo handiarekin bizi dugu estropada bakoitza».

Irabazteko anbizioa

Orio eta arrauna eskutik helduta doaz, eta lotura estu horrek dakarren sentimendua atera du mahai gainera San Nikolas ontziko arraunlari gazteak: «Irabazteko presioa dugu arraunlariok, baina, era berean, zaleengandik hain babestuta gaudenez, haiei nolabait eskertzeko irabazteko nahia dugu guk ere». Aitzitik, hau botatzera ere ausartu da: «Nahiz eta ligako sailkapeneko seigarren postuak begietako mina eragin dion oriotar bati baino gehiagori, taldea lasai dago». Urratsez urrats joan nahi dute: «Ez dugu bandera irabaztearekin itsutu nahi, baina seguru gaude lehenago edo beranduago iritsiko dela».

Hain zuzen, irabaziko balute, lehenengo bandera izango luke Lizarraldek TKEn. Estreinakoz ari da arraunean San Nikolas ontzian; norekin, eta haren anaia Jon eta lehengusu Aritzekin; non, eta hankeko istriborrean, eta ez edozein tostatan. Bada, Altxerritar familiaren soka luzatu eta luzatu ari da. Eta nola gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.