mikel elorza
ARKUPEAN

Gure garaiko erroiak

2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Koronabirusak ez du ematen erasan gaituenik, bestelako birus metalikoago batzuk dabiltza hemen suelto; baina edonola ere, nik uste prest ginatekeela alarmari aurre egiteko. Aise. Birusak jotakoak Gipuzkoa-Bizkaietan soildu ditugun pinudi- sail horietako batean elkartu eta, 10 egunetan ospitale bat eraikitzeko lanik hartu gabe, airetik fumiga genitzake. Kitto. Kobre-oxidoz egin liteke, halako biozida batek seguru koronavirusa ere aitaren batean errenditzen duela, eta behin eta berriro esana zaigu kaltegaitza dela —nola botako zuten bestela bada gure mendietan hagintari ekokezkatuek?—. Baina gaixotutako herritarrak etxera eskultura kolorez itzultzea ere kontua ez denez, Tamifluz bataiatuko genituzke. Akordatzen zarete? A gripearen alarma global eta unibertsal larri hura izan zenean milioika dosi erosi genituen, eta hor egongo dira urtero alokairuan ez dakit zenbat kostatzen zaigun biltegiren batean. Iraungitze-data pasatu bazaie ere bost axola, halaxe joaten dira Hirugarren Mundura bidaltzen ditugun botika eta janarien erdiak, Eusko Jaurlaritzaren Zaldibarko azalpenak baino epez kanpoago.Ez kezka, benetan, botika kadukatuek ezer sendatu baino lehen hilko dituzte hirugarrendar horiek Bilboko portuan ontziratzen diren armek. Eta ez arrangura Tamifluak lurrean edo akuiferoetan egin litzakeen albo-kalteez, baldin eta egiten baditu, horiek ere konponduko ditugu-eta. Normalena ez egitea da, hemen albo-kalterik ez baita izaten —guazpi-kalteen zaleago gara—, eta esan bezala, baleude, haiek beren onera ekartzeko —noren onera? hori zuek erabaki— berehala eraikiko dugu zerbait, sortuko dugu izen ingelesdun enpresaren bat 10 egunetan. Ez alferrik hondakingintzan adituak gara, munduko adituetan adituenak. Euskal oasia ez, zaramaren erresuma gara: euskal hondakings. Edonork pentsa lezake egokiena, garbiena, merkeena ez zikintzea dela, zaborrik ez sortzea. Mentalidade aspalditar batean akaso, baina egungo jendarte sustatuzalean—ni ere sustatu egiten nau herri honen martxak—, hori gainditua dago: zikina sortu egiten da, zikindu egiten da, asko, eta gero garbitu, edo ez, baina garbitzeko beharrezko makineria martxan jartzen dugu, nahiz eta horrek era berean kaka gehiago eragin eta segi aurrera, errota zoroan. Gelditu? Inolaz ere ez. Hori tabua da. Eman eta eman, pedalei eragin aparatu estatikoa bihurtua den bizimodu ero honetan, non bizikletara edo zintara igoz gero helburua ez baita inora joatea, ematea baizik. Eragingintzaren parke tematikoa da hau, eta Gernikako haritzean honezkero habia egina du Fenix hegaztiak, gure totem berria behar duenak. Errautsetatik behin eta berriro irteten den heroia. Errauts faltagatik ez da izango behintzat.Zikintzea negozio-iturri bihurtua dugu, aspaldi, eta hura garbitzea —esateko modu bat da— negozio-iturri oraindik eta handiagoa. Jardun horretan zakar mendi batek azpian harrapatzen zaituela? Zorte txarra. Aberastasuna sortzearen bide-saria. Basque experience. Gelditu beharraz mintzo zarete batzuk, eta aberastasuna banatzeaz, bai, baina banatzeko eduki egin behar, sortu egin behar; eta prest al gaude gure etxe, kotxe, mobiltzar eta asteburuetako irteerei uko egiteko? Gonadetatik helduta gauzkate, eta horiek patriketan gordetzen ditugu.

Eta Zaldibarkoa obszenidade bat da, zerrikeria eta metano kiratsa denen bistan geratu direlako, gure garaiei ongi ematen ez dien moduan. Egun dagokiona da instalazio aratz eta modernoak, bata txuriak eta leungarri usaina. Lehen baino zerrikeria gehiago, baina koloniaz apaindua. Gure garaiak. Zakarmendi perfumatuaren azpian bilangile hilda, eta gainean beste batzukjaten. Gure garaiko erroiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.