ARKUPEAN

Liskarrik ez

Juan Kruz Lakasta -

2018ko ekainak 21
Entzun, arren, San Fermin, zu zaitugu patroi, izan daitezela liskarrak, manifa honetan otoi.

Batek baino gehiagok molde horretako otoitzak egin zituen joan den larunbateko manifestazioaren aurretik. Saindu beltzaranaren kapotikoak gazte suharrak Espainiako Polizia Nazionalaren furgoneten aurka gida zitzan. Xabierko San Frantziskoren beso ustelgabeak Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurka harri bat bota zezan.

Akaso agnostikoren batek Ziztor Woman super-heroi foralaren babesa eskatuko zuen, ziztor atomikoarekin pankartaren inguruko ordezkari politikoren bat joz, giroa gaiztotu zezan.

Liskarrak nahi eta behar zituzten, bai ala bai.

Ciudadanos alderdiko Nafarroako buru Perez Nievas jaunaren adierazpenak horren erakusle: «Foru Gobernuari eskatzen diot ez dezala ahalbidetu larunbateko manifestazioa bortitzek gidaturiko kale liskar bihurtzerik». Beste perla laranja bat: «Beren burua Errepublikaren Defentsarako Batzorde izendatzen duten horiek deialdiarekin bat egin dutenez, eta Katalunian hainbat errepide eta trenbide mozketa egin dituztenez, asteburu honetan Iruñean kaosa gailenduko dela aurreikus daiteke, eta Gobernuak eta Udalak ez lukete hori baimendu beharko».

Politika berriak oso doinu zaharrak darabiltza. Akaso lifting-a egindako eta ilea laranjaz tindaturiko politika zaharra baino ez delako. Datu argigarri bat: Ciudadanos alderdiaren Nafarroako frankiziako buru Perez Nievas jauna Nafarroako Gobernuko kontseilaria izan zen CDN alderdiarekin eta UPNren eskutik : alderdi foralista batetik alderdi antiforalista batera, orrazkera aldatu gabe.

Alta, ez zen liskarrik izan. Iruñeko karrikak bete zituzten milaka eta milaka herritarrek zibismo erakustaldia egin zuten inolako arazorik eragin gabe, hainbaten desesperaziorako.

Izan ere, Iruñeko karrikak bete zituzten milaka eta milaka herritar horiek, Altsasuko auziaren bidegabekeria salatzeaz gain, Altsasuko gazteei eta haien senideei elkartasuna adierazteaz gainera, danbateko batez itxi zioten atea iraganeko ardatzak eta markoak berpizteko aukerari.

Indarkeriarik ezean indarkeriaren komodinak ez du balio. Biolentoak vs demokratak ardatzarenak egin du. Baskoak datozen mehatxua higatu da. UPNren kudeatzaile onaren mitoa erori zen. Diskurtso hegemonikoa urtu da.

Altsasuko auzia puztu zuten aldaketaren aurkako arma moduan erabiltzeko, aldaketaren aldeko lau indarren artean arrakalak sortzeko. Eta auziak aurpegian eztanda egin die, —besteak beste gurasoen inteligentzia politiko eta emozionalari esker— aldaketaren aldeko lau indarrak ez ezik gehiengo sozial berria Barcinaren murrizketen aurka sortu zen hura kohesionatu baitu.

Hori gutxi balitz bezala, ingurumari berean oso argi geratu da haien hegemonia eraiki eta zabaltzeko erabili izan duten tresna higatu zaiela. Euskararen aurkako manifestazioaren deialdia Diario de Navarratik sortu zen haren webgunean eman zuten lehendabizikoz deialdiaren berri. Hainbat astez euskararen aurkako hainbat eta hainbat orrialde karrikaratu zituzten. Baina tinta horrek guztiak ez zuen deuserako balio izan, protestaldia porrota izan baitzen: joan den urteko banderen inguruko elkarretaratzean baino jende gutxiago elkartu zuten.

Diskurtso hegemonikorik ez dute. Hori barreiatzeko tresna nagusia gain behera doa. Marko berriak asmatu behar dituzte. Krisia bistakoa da.

Batek daki zer gertatuko den urtebete barruko udal eta foru hauteskundeetan. Argi dago Nafarroan aldaketa soziologiko eta politiko sakona gauzatzen ari dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna