Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zer salbatu

2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Nire haurtzaroko oroitzapenek taladrina usaina dute. Aita goizaldean etxeratzen zen fabrikan lan-txanda eginda. Etxe osoan nabari zen bere buzo urdinean itsatsitako usaina, komuneko esku-oihalean, eta musua eman aurretik ogi-zoparen arrastoak garbitzeko erabiltzen zuen zapian. Metalezko txirbilak ematen zizkigun jolasteko eta galtzetako patrikak zulatu egiten genituelako ama amorratu egiten zen.

Gure familiak eta gurea bezalako beste hamaikatxok fabrikaren erritmoan egiten zuen dantza. Gurasoek bertan lan egiteko bere herritik irtetea erabaki zuten, jakin gabe lanbidea baino patu moduko bat hautatu zutela, aitaren lanbidea guztion bizibide izango baitzen. Berea bezalakofabrika asko zeuden gure inguruan, eta baita gurea bezalako familia asko ere. Jatorri askokoak,beren ohiturak, hizkuntzak eta ametsak maleta handietan sartuta iritsi zirenak industriaren kanpaina-hotsek hemen bizitza bat egin zitekeela esaten zutelako. Askok lortu zuten, ez denek.

Industria salbatu izenburuko jardunaldia egin zen joan den astean banketxe baten egoitzan. Sindikatu batek antolatu zuen topaketa eta hara bildu zirengure inguruko enpresa handienetako goi-kargu batzuk eta arduradun politikoak. Ez esan ezohikoa ez denik.

Bidegurutze batean elkartzen diren bidaiaren antzera, industriaren geroaz gogoeta egiterakoan denek bat egin zuten. Handik aurrera, baina, hurrengo urratsak zein norantzan egin behar diren erabakitzea ez da horren erraza izango. Industriari eutsi behar diogunik ez du inork ukatuko, nik uste, baina zein industria eta zein ondoriorekin argi izatea nahitaezkoa da. Trantsizio ekologikoak industriaren gainbehera ekar dezakeela ohartu zuen enpresa handi bateko eledunak topaketa hartan eta haren kexuak entzun orduko pentsatu nuen trantsizioaren balizko ondorioengatik baino, gauzak dauden moduan uzteak dituen arriskuengatik kezkatuago nagoela ni neu.

Nire haurtzaroko mundu hori, lantegien sirena-hotsak nagusi ziren garai hori, aspalditxo desagertu zen eta oraingo industriak ere bide beretik egin beharko du laster. Volkswageneko kontseilari ordezkariak duela gutxi esan zuen hautu zaila, baina nahitaezkoa dugula begien aurrean: behi sakratu batzuk hil beharko dira besteek iraun ahal izateko. Haren hitzek oihartzun ezaguna sortzen dute, gurean 80eko hamarkadan bizi izandako eraldaketa-industrialarenak, hain zuzen.

Milaka lanpostu galdu ziren. Gure aitaren lantegia itxi egin zuten aldi baterako lekualdaketa eta gero; geroztik komuneko esku-oihalak suabizante usain garbia du, eta patrikak ez zaizkit zulatzen. Industria-politika zer zen orduan ikasi genuen, nahiz eta artean Espainian Suarez presidentea zenak, harrokeriaz esan zuen politikarik ez egitea zela onena; «merkatua da, ergel halakoak» pentsatuko zuen.

Taladrina usainaren arrastorik ez da geratzen gurean. Aitak erretiroa hartu zuen fabrika tokiz aldatu zutenean, eta zortekoa izan zela dio, itxiera planifikatuan ez baitzen kaltetuenen artean suertatu. Geure familiak egoera berrira egokitu behar izan zuen, beste askok bezala; batzuek lortu zuten, ez denek.

Gurean badakigu zer den industria eraldatu beharra. Badakigu zein mingarria den, zenbaitetan saihetsezina dela dakigun bezalaxe. Behi sakratu batzuk sakrifikatu ziren, eta ez zen debalde izan. Ongi asmatu beharko dugu, bada, ataka gaizto bertsuan gaudelarik, ondorioak ongi neurtuz, baina erabakiak hartzeari uko egin gabe. Bere inguruan eragiten zituen kalteak aintzat hartu ez dituen industria salbatu baino, harengandik salbatu beharko dugu gure burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.