Noiz sortua: 2020-03-17 00:30:00

ARKUPEAN

Boteprontoan

Iñaki Galdos Irazabal -

2020ko martxoak 17

Hitza ematen duzunean bete egin behar omen da. Euskaldunon hitzak, gainera, balio erantsia omen du, geure buruari aspaldi ezarri genion pitokeria baten arabera. Arkupe honetara Ruper Ordorikaren Jon Trollope bezala hamabostean behin etortzeko konpromisoa hartu nuen arren —portzierto, hura ere, gu orain bezala, etxetik gutxitan irtenda bizi zen—, gaur sentitu dut lehen aldiz txanda-pasaren komodina erabiltzeko gogoa... aukera hori izan banu. Guztiz pentsatua eta erdi prestatua nuen gaia askori egoera honetarako friboloegia irudituko litzaiekeelakoan, Gauzari buruz ikusten ari naizena hizpide hartzea erabaki dut, boteprontoko lehen balantzea egiteko. Barkatuko dit Iban Zalduak lapurretatxoa, berak Gauza gisa bataiatutakoa beste gauza bat baita. Ez da berriro gertatuko.

Horrelako krisietan ikusten ei dira gizartearen gabeziak eta baloreak. Baita norbanakoenak ere. Eta, oro har, kanonak esaten du berrindartuta ateratzen direla herriak gisa honetako trantzeetatik, utz biezadate herria aipatzen honelakoetan (ere) herriak aipatzea desegokia (identitarioa ere bai?) dela diotenek. Hala izatea nahi nuke, baina ez nago oso ziur horrela gertatuko denik, zarata gehiegi, xextra eta zalaparta sobera da ikusten ari naizena hainbat esparrutan.

Ikusten ari naiz badagoela jende oso aktibo bat gure agintariek egiten duten guztia, guzti-guztia gaizki iruditzen zaiona. Egiten dutena egiten dutela, egiten dutenean egiten dutela. Agintarien edozein prentsaurreko hasi orduko marmarka hasten dena. Aldi berean, badaude agintariak askotan bidezkoak diren kritikei modu egokian erantzuten ez dakitenak, arazoa areagotuz. Aldi berean, badago oraindik jabetu ez denik gaur egun ezinbesteko baldintza dela hainbat kargutarako komunikatzeko gaitasuna izatea. Aldi berean, badago jendea solemneki iragartzen duena kritikak gerorako utziko dituela, justu egurra ematen hasi aurretik. Horrela doa kontua, gaiak duen larritasuna, soziala eta ekonomikoa ere bai, ez soilik osasun mailakoa, sarriegi alde batera utzita.

Baina agian kutsatuegi nago, ez koronabirusak kutsatua, baina bai batez ere sare sozialetan bizi den mikroklima berezi batek kutsatua. Eta kutsatzaile ere banaiz beraz, onar dezagun guztia. Sare sozialek duten gero eta garrantzi eta gaitasun handiagoa onartzea bezain beharrezko baita onartzea gugan sekulako distortsioak sor ditzakeela —sortzen dituela— fokua hor bakarrik jartzeak edo nagusiki hor jartzeak; are gehiago soilik gustuko ditugunen mezuak irakurri, txalotu eta zabaltzeak. Garai bateko institutu eta unibertsitateko asanbladak datozkit gogora aspaldion, orduan ere askok pentsatzen baitzuten haietako bozketen emaitza arrakastatsuak herri bihurtzen zituztela, orain euren txiosfera partikularrak herri bihurtzen dituzten bezala, herriaren babesa neurtzeko sistema berria birtxiotze eta atsegite kopurua zenbatzea dela sinetsita. Beti herriaren izenean hitz egiten. Gero atsekabe eta ezuste asko iristen da. Azken egunotako adibidea kasu: ez da hain zaila ulertzea jende askorentzat (agian gehiengoarentzat) ez direla bateraezinak balkoietatik osasungintzako langileei txalo egitea, osasungintzako arduradun politikoekin jarrera kritikoa izatea eta, aldi berean, arduradun politiko horiei berriro botoa ematea.

Bai, agian kutsatuegi nago ni ere eta jaramon gehiago egin beharko nioke nire inguruko jende askori, euren lantokietan, ikastetxeetan, boluntario taldeetan, familietan... gertatzen dena ikusteko. Agian horrela bukatuko litzateke nire ezkortasuna krisi honetatik berrindartuta aterako ote garenaren inguruan. Agian ez da koronabirusaren kontrakoa etorkizunean beharko dudan txerto bakarra. Ingurura so egiten eta arnasa hobeto hartzen hasi beharrean nagoela da egunotan ikasten ari naizen gauza garrantzitsuenetakoa. Iruditzen zait ez naizela behar hori duen bakarra.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Berra adinekoen egoitza. ©JON URBE / FOKU

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Berria

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea ©Marisol Ramirez, Foku

Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Espainiako Gobernuak

Ainhoa Larretxea Agirre

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Txagorritxu ospitaleko laborategiko irudi bat. ©Gorka Rubio / Foku

Datuen peskizan (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Beste zazpi pertsona gehitu behar dira koronabirusarekin hildakoen zerrendara. Bost EAEn, bi Nafarroan. PCR bidezko 11 positibo berri agertu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna