Jaialdi sabotatua

Ariel Pink, Gaff E eta Melenas ariko dira Donibane Lohizuneko Baleapop jaialdian. Bihar hasiko da, eta. sabotajea izanen du gai nagusi

Nora Arbelbide Lete -

2018ko abuztuak 22
ihar hasiko duen bederatzigarren edizioa azken urteetako erritmoan segitzeko aukera ukan zezakeen Baleapop lapurtarrak. Erosotasun batean, nolabait. Hau da, musika eta arte garaikidea konbinatuz, kurios direnentzat eskuragarri; eta aldi berean, baita puntako zaleentzat betegarri. Udako egunik jendetsuenak gibelean utzirik, lagunarte giroa eta ekologia zaintzen duena.

Gisa horretako jaialdiak ugaltzen ari direla, zerk ote duen desberdin egiten galdetu dio bere buruari jaialdiak. «Ohartu gabe jaialdi berri horien klixe bat bihurtu ginen. Egin indarrek ikaslerik onaren lekuan jartzen gintuztela», jaialdia antolatzen duen Moï Moï kolektiboko Manon Boulart arduradunak azaldurik.

Ikasle on horren irudiarekin jostatu nahi dute aurten. Joko erlatibo bat, halere, baleapopzaleak ez baitira galduak sentituko. Eta hortik sabotajearen ideia. Orain arte komunikazioarekin jostatu dira, zenbait txiste eginez. Jaialdi denborarako zenbait sorpresa iragarriak dituzte.

Bitartean, egitarau berean zenbait artista ageri dira, zeinen berezitasuna baita, justuki, sabotajea.

Horien artean, afixa buru dituzten Ariel Pink eta Gaff E. Ezustez betetako ikusgarriak ematen dituzte biek. Jaialdiaren deialdia irabazi duen Alison Florak ere sabotajean oinarrituko ditu performanceak.

Izanen dira musika elektroniko beltzetik cumbiara pasatuko diren giro nahasiak. Artista batzuk aipatzearren, Iruñeko Melenas, Parisko Apollo Noir eta Herbehereetako The Mauskovic Dance band daude.

Baleapop

Bihartik igandera arte, Donibane Lohizuneko Dukontenia parkean eta hiri barnean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna