Proposamenak

Upelak kalean behera

Mahats bilketaren besta ospatuko dute Corellan, etzi hasi eta igandera arte. Larunbatean upel lasterketa eginen dute Foruen plazatik abiatuta

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Musika eta ardoa. Biak nahasten dira Corellako (Nafarroa) mahats bilketaren bestan. Etzi abiatuko dute ospakizuna, eta igandera arte ardo dastaketak, kontzertuak eta upategietan bisitak eskainiko dituzte. Harrigarriena, baina, larunbatean izanen da: upel lasterketa. Txapelketa hori antolatzen duten XI. aldia izanen da, eta haurren eta helduen kategorietan ariko dira lehian.

Foruen plazan hasiko da lasterketa, 19:30ean. Hiru kategoriatan parte hartu daiteke: 7 eta 12 urte bitartekoa, 13 eta 17 urte bitartekoa eta 18 urtetik gorakoa. Sariak ere jasoko dituzte irabazleek: adin txikikoek, eskolarako materiala erosteko bonuak, eta adinez nagusiek, ardoa edo afari bat. Lasterketa bukatuta, mahats bilketaren pregoia irakurriko du Juan Luis Etxarrik, Corellako Biciclistas taldearen izenean. Gainera, aurtengo Hocete saria haren taldeak jasoko du.

Mahats bilketaren besta da, eta, noski, mahatsa zanpatuz eta lehenbiziko muztioa dastatuz hasiko dute jaia modu ofizialean. 21:00etan izanen da hori, eta, gero, ardo dastaketa izanen da. Gainera, kalean azoka bat izanen da asteburu guzian. Iluntzean, Tetrys DJa ariko da gaua girotzen. Ez da musika ekitaldi bakarra izanen: ostiralean Corellako musika bandak eskainiko du kontzertua, 21:30ean. Igandean, munduko musikak izanen dira, Tetrys DJren eskutik. Jarduna Centinela rondallaren kontzertuarekin bukatuko da.

Herriko upategiak bisitatzeko aukera larunbat eta igande goizean izanen da. Jarduera hori dohainik izanen da, eta eguerdian hasiko da. Haurrentzako entzierroak ere izanen dira.

Mahats bilketaren besta



Etzi, larunbatean eta igandean, egun osoz, Corellan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.