Proposamenak

Harriek gauez diotena

Gasteizko harresia gauez bisitatzeko aukera egongo da gaur eta bihar. Egunez, Santa Maria katedrala ezagutzeko aukera ere badago

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Historikoki, mendeetan atzera eginda, metalgintzaren industrian eta merkataritza arloan hiri garrantzitsua izan da Gasteiz. Horri esker, hiriko ekonomia suspertzen hasi zen, eta biztanle kopurua ere handitu zen. XI. mendean eraikitako harresiak ere izan zuen eragina egoera horretan. Hala, hango harriek diotena ezagutzeko, gaueko bisitak egingo dituzte gaur eta bihar, gaueko hamarretan hasita. Hala eta guztiz ere, urte osoan bada harresia egunez ezagutzeko aukera ere.

Gasteizko Frai Zacarias kalean hasiko da gaueko bisitak eskaintzen duen bidaia, Alde Zaharrean; hain zuzen ere, bisitariek Villa Suso jauregiaren lorategian dagoen harresiaren zati bat ikusteko aukera izango dute. Hortik, Eskoriatza Eskibel jauregiaren atzealdera joango dira, zutik dirauen harresiaren beste atal bat ezagutzera. Bidaiari amaiera, berriz, proiekzio batekin emango diote.

Vitoria-Gasteizen jatorria du izena bideoak, eta IX. mendetik XII. mendera arte hiriak izandako garapena du oinarri. Interesa duen ororentzako ikus-entzunezkoa ikusgai dago catedralvitoria.eus webgunean.

Harresira egiten diren gaueko bisitak, soilik, uztailean eta abuztuan egiten dituzte, ostiral eta larunbatetan. Hala ere, urte osoanbada hura ezagutzeko aukera; izan ere, eguneko bisitak egiten dituzte. Gainera, Santa Maria katedrala ezagutzeko aukera ere bada horietan, gauekoetan ez bezala.

Bi bisitak gazteleraz eta euskaraz eskaintzen dira, eta bisitariek bost euro ordaindu behar dituzte parte hartu ahal izateko. Hala ere, badaude prezio murriztuak.

Gasteizko harresirako bisita



Gaur eta bihar, 22:00etan, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.