PROPOSAMENAK

Karrikako arteak

Skatea eta musika maite dutenentzat topaleku bilakatuko da gaur eta bihar Miarritzeko Festilasai jaialdia. Estilo askotako musika izanen da

Joana Ibargarai Leritza.
Miarritze
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Hamalaugarren aldiko, Festilasai jaialdia egingo dute Miarritzen (Lapurdi), gaur eta bihar. Aurten ere, skateari utziko diote lekua, gunean arrapala bat eraikiko baitute. Musika eta skatea maite dutenen topagunea izanen da, beraz, arratsetik goiti. Berez, Miarritzeko Gaztetxea eta Skate-Parkeko kideen artean antolatzen zuten festibala, baina, azken urteetan, horretatik elkarte bat sortu, eta hamar bat lagunek hartu dute jaialdia antolatzeko ardura.

Gaur, Shut up! Twist again! Baionako taldeak emanen du lehen kontzertua. Ondotik, Kaliforniako (AEB) Good Ridance punk taldea iganen da taula gainera, eta Stuck in the Sound, Pace eta Uneek taldeekin bururatuko dute gaualdia.

Bihar, gunea 16:00etan irekiko dute, eta haurrentzako gune bat utziko dute. Kontzertuak gauean hasiko dira, Sheep'n'beer taldearekin —Irlandako musika joko dute— eta Rita Macedo eta Le Parti Collectif arituko dira ondotik. Hainbat musika estilo entzungai izanen dira, Delinquent Habbits ere ariko baita hip-hop musika egiten, eta bide beretik segituko du Naughty J DJak.

Antolatzaileek adierazi dute «indar berezi» bat egiten dutela ingurumena errespetatzeko. Bil Ta Garbirekin hitzarmen bat eginik, plastikoaren erabilera apaltzen saiatuko dira, komun idorrak baliatuko dituzte, eta hondakinak bereiziko dituzte. Gainera, hemengo produktuak lehenesten dituzte, «tokiko ekoizpenak soilik baliatuz».

Hizkuntzari dagokionez, gunean dena elebidunez izanen dela segurtatu dute —euskara eta frantsesa— eta erdaldunek tabernan euskaraz manatzeko kit bat izanen dute eskura.

Festilasai



Gaur eta bihar, Miarritzen (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.