PROPOSAMENAK

Folka, ibaiertzean

Euskal Herriko eta atzerriko talde eta bakarlariak arituko dira gaurtik etzira Bidasoafolk jaialdian, Hondarribian, Irunen eta Hendaian

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Lau kontzertu, hiru oholtza eta musika estilo bat; folkaren topagune bihurtuko da egunotan Bidasoa ibaiaren ingurua. Bidasoafolk jaialdia egingo dute, gaur hasi eta etzira bitartean. Euskal Herriko eta nazioarteko sortzaileak arituko dira Hondarribian, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi).

Sustraietako musikaren jaialdia gaur hasiko da, Hondarribian. Pauline & Juliette taldeak emango du lehenengo kontzertua, 21:00etan, Arma plazan. Kanboko eta Itsasuko (Lapurdi) bikotearen musikaren oinarriak gitarra eta ahotsak dira. Lauzpabost urteko ibilbidea egin dute; 2017an argitaratu zuten lehenengo diskoa, Hegaldaka.

Itsasoz beste aldetik

Lapurdiko bikotea izango da Bidasoafolken arituko den euskal talde bakarra. Haien ostean joko du Kare taldeak, toki berean. Lau ahotsekin eta gitarra soil batekin ontzen du Argentinako taldeak bere sorkuntza lana. Herri musika eta mezu poetikoak nabarmentzen dira haien abestietan.

Pedro Guerra Kanarietako (Espainia) bakarlariak hartuko dio lekukoa Kareri. Bihar emango du kontzertua, Irungo San Juan plazan, 22:00etan hasita. Taller Canario de Cancion taldean aritu eta gero, bakarkako bideari ekin zion Guerrak. Hogei urtetik gora daramatza, eta hamaika disko kaleratu ditu urteotan.

Hendaian amaituko da hemeretzigarren Bidasoafolk jaialdia, Carla Piresen emanaldiarekin.350 kontzertu baino gehiago emanak ditu Portugalgo abeslariak, munduko 21 herrialdetan. Sokoburu plazan arituko da igandean, 20:30ean.

Bidasoafolk



Gaurtik etzira, Hondarribian, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian(Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.