Proposamenak

Nafar ardoaren alde, topa

Nafarroan mahatsa biltzen hasi direla ospatuko dute igandean Erriberrin; denboraldia irekitzeko ekitaldia eguerdian da. Gaur hasita, dastaketak, bisitak eta beste izango dira

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Ailegatu da mahatsa biltzeko tenorea. Ardoa ekoizteko prozesuaren lehenbiziko urratsari ekinen diote Nafarroan, eta hori ospatu eginen dute. Nafarroako Ardoaren Kofradiak igandean eginen du Nafarroako Mahats Bilketaren Besta, Erriberrin (Nafarroa). Eguerdian izanen da ekitaldi nagusia, Karlos III.aren plazan. Aurten, Manuel Zapata Flamariquek irakurriko du pregoia. Espainiako telebista saio bateko lehiakidea da Zapata, eta horregatik aukeratu dute irakurraldia egiteko.

Ondoren, ohiko gidoiari jarraituko dio ekitaldiak: mahatsa zanpatuko dute, bildutako mahatsaren analisia eta ebaluazioa eginen dute, mahats bilketaren dantza plazaratuko dute, Nafarroako jotak kantatu, eta, azkenik, mahatsa zanpatzen eskuratutako lehenbiziko muztioa banatuko diote jendeari. Gainera, 13:30etik aurrera, Nafarroako sor-marka duen ardoa banatuko dute. Ardoari buruzko erakusketak, dastaketak eta upategietara bisitak egiteko aukera izanen da asteburu guzian.

Jarduerak, gaurtik aurrera

Besta nagusia igandean izango da, baina gaurtik aurrera jarduerak izango dituzte Erriberrin. Ardo dastaketak, gastronomia topaketak, haurrendako jarduerak eta musika emanaldiak izanen dira igandera arte.

Nafarroako Mahats Bilketaren Besta





Igandean, 11:30etik aurrera, Erriberrin(Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.