Don Herbert

Don Herbert, Artelekuri atxikitako artista bat

27 urtez, Donostiako arte zentroko litografia estudioa zuzendu zuen Herbertek, eta haren ikasle izan ziren euskal artista ezagun ugari. Litografia eta pintura izan zituen arte diziplina maiteenak bere ibilbidean.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2020ko otsailak 15
«Artista gisa anbiziotsua izan naiz beti, baina ez aitorpena eta ospea bilatzeko lanean». Don Herbertek (Detroit, AEB, 1942) sekula ez zuen ezkutatu bere artista sena ez zetorrela bat artista batek bizitzeko eta oihartzuna izateko egin behar izaten duen ahaleginarekin. Artista gisa onarpena zuen, baina onartzen zuen artearen ondoko alderdiak ez zituela behar bezala kudeatu: «Normalean, ez dut horren damurik izaten; baina lanik gabe eta diru aldetik gaizki nabilenean, bai, orduan oroitzen naiz horretaz», esan zion Juan Luis Zabala kazetariari BERRIAn 2010eko uztailean eginiko elkarrizketan. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Herberten 25 koadro biltzen zituen erakusketa bat zabaldu berria zuten garai horretan. Herbert atzo hil zen, 77 urterekin.

Pintore izan zen Herbert, eta 27 urtez Artelekuko litografia estudioko tailerrak ere zuzendu zituen: Donostiako zentroa ireki zutenetik, hots, 1987tik 2014ra arte. Arte zentroa ireki berria zela muntatu zuen litografia estudioa. Garai hartan arte grafikoetako estudioa zeukan Madrilen, Guilermo Chamorrorekin batera, eta 1987ko martxoan lortu zuen Artelekun litografia estudioa «gehiegizko gasturik gabe eta bereziki azkar» muntatzea. Urte hartako maiatzean, ekainean eta uztailean zuzendu zuen lehendabiziko tailerra.

Hainbat urtez Madrilen bizitzen segitu zuen, nahiz eta Donostia zuen lan lekua. 2014an egindako elkarrizketa batean emozioz oroitzen zituen Artelekuren lehenengo urte haiek: «Jende ona zegoen Artelekun hasierako garai hartan. Zerbait diferentea zen, oso askea, zoro samarra. Ni oso ondo sentitzen nintzen. Gauza berria zen. Inork ez zekien zer zen arte zentro bat. Astean lau egunez, goizez estanpatu egiten nuen, eta arratsaldez, eskolak eman. Madrilen hiru egun eman, eta igande gauean hona itzultzen nintzen».

1991n erabaki zuen Euskal Herrira etortzea bizitzera. Lehenbizi, Trintxerpen bizi izan zen, Pasaian (Gipuzkoa), eta, gerora, Donostiako Loiola auzora egin zuen, Arteleku ondora. «Garai batean, Artelekun lo ere egin nuen, koltxoi bat jarrita».

Atleta artista

Herbert atleta izan zen gaztetan, eta beka baten bidez hasi zen litografia ikasten, Los Angelesen (AEB). Ordurako pintura lantzen hasita zegoen, eta «oso pauso naturala» izan zen litografia ikasten hastea, «mekanikarako nahiz kimikarako» zaletasuna baitzuen. Estanpatzaile gisa egin zuen lan 1973an eta 1974an, eta orduan animatu zuen lagun batek Espainiara aldatzeko: «Kapritxo moduan, Espainiara joatea erabaki nuen. Dibortziatua nengoen, eta ez nuen loturarik. Autoa saldu, eta joaneko txartela erosi nuen 1974ko martxoaren 11n». Espainian Grupo 15 taldeko kideekin jarri zen harremanetan, Maria Corral, Carmen Jimenez, Alberto Portela eta Antonio Reijorekin, besteak beste. «Grupo 15 garrantzitsua izan zen niretzat».

Artelekun litografia izan zuen lanbide Herbertek, baina ez zion inoiz utzi pintura lantzeari. Hain zuzen ere, bere bizitzako bi alderdi gisa ulertzen zituen bi diziplinak: «Neure buruaren erdi bat pintorea da, eta beste erdia estanpatzailea», zioen, nahiz eta bazekien batak eta besteak oso esfortzu ezberdina eskatzen ziotela: «Pintore gisa egiten ari naizenarekin gustura nago, eta, litografo gisa, nire ibilbidearen amaieran nago, lan horrek ahalegin fisiko handia eskatzen baitu, handiegia 64 urteko pertsona batentzat. Udako egun batean, estanpazio luze batean, kilo eta erdi inguru gal dezaket». 2006an kontatu zuen hori, baina beste zortzi urtez jarraitu zuen Artelekun litografia lantegiak ematen.

Urtebete lehenago, 2005ean, haren ikasle izandako 22 artistak Herberten omenezko Artista larrugorri erakusketa antolatu zuten Artelekun. Haien artean zeuden, besteak beste, Jose Ramon Amondarain, Juan Luis Goenaga, Iñaki Grazenea, Koldobika Jauregi, Dora Salazar, Manu Muniategiandikoetxea, Ramon Zuriarrain, Jose Luis Zumeta, Marta Cardenas eta Andres Nagel. Eta Bernardo Atxaga arduratu zen erakusketako testuaz: «Oso gauza polita izan zen. Karpeta ederra osatu zen artista guztien lanarekin, eta hor geratu da hori».

Arteleku izan zuen Herbertek lantoki, baina horrek ez zuen baldintzatu zentroaren garapenaz zuen iritzia. Arteleku aldatu egin baitzen urteekin. «Lehen, arte plastikoetako zentro handia zen: eskultura, pintura, arte grafikoak... Arte plastikoetatik ezer geratzen da orain: litografia, serigrafia eta pintatzen duen jendea, oso gutxi. Lehen, aldiz, pintatzen zuen jende asko zegoen. Orain, ikerketa sozial ezkertiar edo sasiezkertiarretara bideratua dago».

2011ko azaroan Donostian izan ziren uholdeek ondorio latzak eragin zituzten Artelekun, eta, esaterako, Herberten litografia tailerra erabat suntsitu zuen urak. Tresnak ez ezik, artistak han gordeak zituen 500 litografia inguru ere hondatu zituen. Haien balioa 25.000 eurotik gorakoa zela kalkulatu zuen Herbertek berak.

Gero, 2014an, Arteleku Donostiako Txomiñeneko egoitzatik Parte Zaharreko Santa Teresa komentura aldatu zutenean, Herberten eta arte zentroaren arteko harremana eten egin zen. Orduan, agintariek erabaki zuten litografia estudioa Debako Arte eta Ofizioen Eskolara eramatea, eta horrekin «minduta» azaldu zen Herbert. «Ez didate ezertarako deitu. Debara eraman behar dute makina, baina makina desmuntatzeko eta berriro muntatzeko gai den pertsona bakarra ni naiz».

Santi Eraso Artelekuko zuzendari izan zenak Facebooken oroitu zuen Herbert atzo: «1987an Gipuzkoako Foru Aldundiaren arte garaikideko zentro honetako zuzendaritzan sartu nintzenean, Herbertek egina zuen bere lehen litografia tailerra. 2006an kargua utzi nuenean han segitzen zuen [...] Instituzioak bere bizitza intentsoan izan zuen biztanle leialena izan zen. Batzuk handik igaro ginen, baina Herbert bere lekukorik pribilegiatuena izan zen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna