Xabier Amuriza. Bertsolaria eta idazlea

«Metodo zientifikoa da arlo guztietan aurrera egiteko modua»

Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Poza eta esker ona, biak sentitzen ditu Xabier Amurizak (Zornotza, Bizkaia, 1941). Dioenez, bereziki pozgarria zaio Manuel Lekuona saria Eusko Ikaskuntzaren eskutik jasotzea, erakunde zientifiko eta kultural batek egindako aitortza delako, eta, bera nagusiki letra gizona izan arren, beti sentitu duelako «grina zientifikoa». Aitortu duenez, gainera, gose zientifiko hori dago, besteak beste, bertsolaritza irakasteko sortutako metodoaren oinarrian.

Bertsolaritza sistematizatzeko saiakera hori mugarria izan zen, baina euskarari eskainitako gogoetetan ere igar daiteke zuk aipatutako «grina zientifiko» hori.

Bai, pentsaera zientifiko horrekin egin nuen Euskara batuaren bigarren jaiotza liburua ere [Lanku, 2010]. Hori oso inportantea baita niretzat. Fenomeno guztiek daukate esplikazio bat; beti dute sistema bat atzean, eta hori topatzea da aurkikuntza. Zientzia mailan ezin izan dut garapen handirik izan, ez dudalako ikasi, baina nire pentsaera hori da. Eta badakit metodo zientifikoa dela aurrera egiteko metodoa, denean.

2016an utzi zenuen plazako bat-bateko bertsolaritza. Hainbat omenaldi jaso dituzu geroztik; sari hau izan daiteke orain arteko omenaldirik handiena?

Hau ez da omenaldi bat, hau sari bat da. Omenaldirik ez dut nahi izan. Bat edo beste proposatu didate, baina ez dut nahi horrelakorik. Utzi nuen, eta bego hor. Orain beste gauza batzuetan nabil.

Ibilbidea da orain saritu dizutena, eta ezinbestean atzera begira jarri beharra dakar horrek, baina aurrerantza begirakoa izaten da zure jarduna.

Pozik begiratzen dut atzera. Manuel Lekuona saria da hau, eta nik oraingo gauza pozgarri guztiak lotzen ditut edo haurtzaroarekin edo gaztaroan izandako antzeko sentimendu paraleloekin, eta Lekuona izen handia izan zen niretzat, baita klandestinitatean ere. Euskara seminarioan erdi debekatuta zegoenean, isilpean, ni eta nire antzeko batzuk hasi ginen bertsolaritzari eta ahozko literaturari buruzko liburuak irakurtzen. Orduan hasi nintzen bertsolaritza ulertzen, eta zaletu ere egin nintzen gero. Sentimendu horiek, 40 urteren bueltan, atzera berriz datoz. Lekuona izena, niretzat, hasierako, haurtzaroko eta klandestinitateko ikasketa ofizialez aparteko ikasketa haiekin lotuta dago, eta sentimendu asko datoz.

Eta aurrerakoetan? Literaturan, BERRIAn Pascalen esferan izeneko artikuluak kaleratzen...

Horietan nabil, bai; batzuk zoratu egiten dira, baina beste batzuek esaten didate jarraitzeko, eta beste buruera batzuk ere baditut, baina lasai nabil guztiekin. Nahiko lasai bizi naiz, adina ere badaukat, eta ez nabil gazteagoen abiaduran. Nik beti defendatzen dut ibili behar dela, gutxienez, pentsatzeko moduko abiaduran: abiadura handiegia badaramazu, ezin duzu pentsatu. Orduan, pentsatu ezin duzun abiadura badaramazu, ez zabiltza ondo. Eta nik orain badaukat astia eta osasuna abiadura hori eramateko, eta ari naiz gauza batzuk egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.