Euskal gogoa pizturik

Orreagako gudua gogoratuko dute 1.240 urte geroago. Asteazkenean eginen dute ekitaldi nagusia, Orreagan eta Ibanetako lepoan

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Iruñea suntsitu ondotik, Karlomagnoren armadak ezustekoa izan zuen Ibanetan barrena. Gudaroste anonimo batek Errolan buru zuen armada garaitu zuen 778. urtean, ingurua ongi ezagutzen zutela baliatuz. Ezaguna da Orreagako gudua (Nafarroa), olerki, kondaira eta kantuen bidez transmititu dena. Asteartean eta asteazkenean, hilaren 14an eta 15ean, gertakari hura gogoratuko dute Orreaga fundazioak eta Etxabarrengoa elkarteak.

Abuztuaren 15ean izan zen Orreagako gudua, eta egun horretan bertan izanen da ekitaldi nagusia. Eguerdian Orreagan bilduko dira denak, eta, ekitaldi txiki baten ondotik, Ibanetara igoko dira. Gainean lore eskaintza eginen dute, eta Xabier Irujo historialariak gertakari hura gogoratzeko pregoia irakurriko du. Horren ondotik, herri bazkaria antolatu dute Garraldan (Nafarroa).

Aldarrikapenak ere izanen du tokirik. Antolatzaileek baskoien aldeko oroitarria jartzeko deia egin diote Nafarroako Gobernuari, eta diputazioak duela ehun urte guduaren omenez paratu zuen arkua konpontzeko eskatu. Bestalde, Errolanen omenezko harria bertatik kentzeko exijituko dute. «Aski da: inbaditzailearen aldeko monumenturik ez genuke izan beharko», azaldu du Xabier Amatriain Orreaga fundazioko lehendakariak.

Iruñeko Ganbera Abesbatzak ere parte hartuko du ekitaldietan, baina asteartean. Kontzertua eskainiko du Orreagako Itzandegia aterpetxean, 20:30ean. Besteak beste, Agustin Gonzalez Aziluren Arrano beltza abestuko dute —1977an estreinatutako obra—.

Larunbatean, gainera, Iruñeko suntsiketa gogoratzeko ekitaldia egingo dute Nafarroako hiriburuan.
 

Orreaga 778

Asteartean eta asteazkenean, Orreagan (Nafarroa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.