Irribarrez irrien gaua

Irri-Barra Gauak umorezko antzerki saioak egingo dituzte gaur eta bihar, Gasteizen. Euskarazko bi ikuskizun eskainiko dituzte, doan

2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Umorezko antzerki saioak ikusteko aukera egongo da gaur eta bihar Gasteizko Falerina lorategian. Oihaneder Euskararen Etxeak antolatu ditu, hirugarren urtez: egun bakoitzean saio bat izango da, doan; 20:00etan izango dira.

Zaharrak berri (Astolasterrak) umore antzezlana eskainiko dute gaur Ay! Teatroa konpainiako kideek: Nerea Gorritik eta Barbara Rivasek antzeztuko dute obra. Francisco Lironek zuzendutako antzezlanak antzerki herrikoia egungo espazio eta ikusleria moldatu nahi du. Obra 1818. urtean dago girotuta, eta Zuberoako asto-lasterrak debekatu dituztela kontatuko dute.

Inauterietako eta maskaradetako jantzi tradizionalak soinean, musikaren eta dantzen bidez hasiko dute antzezlana. Asto-lasterrak debekaturik egon arren, emanaldi «klandestinoak» aurrera jarraituko du, hiru pieza satiriko laburrekin. Tradizioa eta egungo errealitatea nahasiko dituzte: gizarteko aurreiritziez eta emakumearen berdintasunaren aldeko borrokaz jardungo dute.

Bihar, berriz, Putinen guardasola umore antzezlana eskainiko dute Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreek. Lehendakaria oso kezkatuta dago «euskaldun guztiak batuko dituen ereserkia» egin gabe dagoelako eta norbaitek egin dezala nahi dutelako.

Bilera luze baten ostean, akordio bat lortuko dute, eta Ray eta Nik izeneko pertsonaiak aukeratuko dituzte euskal ereserkia egiteko. Gainera, talentu eta eskarmentu handikoak izan arren, erronka horri aurre egiteko molde berri bat asmatuko dute: «metodo mistoa». Herriz herri ibiliko dira euskaldun guztiek bere egin dezaten euskal ereserki berria.

Irri-Barra Gauak

Gaur eta bihar, 20:00etan,Gasteizko Falerina lorategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.