Baserritarren jaia

Idiazabal gaztaren lehiaketa egingo dute bihar Ordizian, euskal jaietako azokan. Herriaren 750. urteurreneko ospakizunak ere izango du tartea

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Udazkena ate joka dela, euskal jaietan bete-betean dabiltza Ordizian (Gipuzkoa). Ezinbesteko ekitaldi bihurtu da jaia, eta, jakina, asteazkeneko ohiko azoka ere berezi bihurtzen da iraileko lehenengo astean. Bihar egingo dute, eta hamaika produktu izango dira ikusgai, hala nola gazta, abereak, barazkiak, frutak eta perretxikoak. Tartean, Idiazabal gaztaren lehiaketa egingo dute.

Kolorez beteko dira bihar Ordiziako kaleak, euskal jaietako azoka berezian. Baserriko bizimoduak eta produktuek hartuko dute herria. Bada, ordea, produktu guztien artean nabarmendu beharreko bat: Idiazabal gazta. Ardi latxaren esnearekin egindako gazten lehiaketa egingo dute aurten ere; 13:30ean banatuko dituzte sariak, Beti Alai pilotalekuan. Jarraian, gazta irabazlearen erdia salduko dute enkantean.

Barazkiak eta animaliak

Gaztarenaz gain, fruta, barazki eta perretxiko lehiaketak ere egingo dituzte azokan; Jose Migel Barandiaran plazan izango dira, eta 12:00etan banatuko dituzte sariak. Elikagaiek ez ezik, animaliek ere badute tokia Ordizian, eta ganadu eta Lumagorri txapelketak ere egingo dituzte. Horien sari banaketa 12:30ean izango da, Garagartza plazan.

Aste berezia izan ohi da euskal jaietakoa ordiziarrentzat; aurtengoa, gainera, bereziago bihurtu da, herriaren 750. urteurrena batu baitzaio. Ospakizunetan dabiltza herritarrak, eta bihar ere izango dute tartea, bisita gidatu antzeztua egingo baitute arratsean. Antzerkiaz gain, musikak, bertsoek eta kirolak girotuko dute biharko azoka.

Euskal jaietako azoka berezia

Bihar, 09:00etan hasita,Ordizian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.