Magia herriz herri

MagialdiAraba jaialdia abiatuko da gaur Izarran. Laugarren aldia du aurten, eta lurraldeko 11 herritara eramango ditu ikuskizunak

aitor biain
Gasteiz
2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Magiaz eta liluraz beteko dira Arabako txoko guztiak gaurtik aurrera. MagialdiAraba jaialdia abiatuko baita gaur, Izarran. Datozen bi asteburutan izango da martxan jaialdia, eta lurraldeko 11 herritara eramango ditu magia ikuskizunak.

Laugarren aldia du aurten MagialdiArabak, eta hilaren 17an Gasteizen hasiko den 30. Magialdiaren atariko jaialdia da. Gasteizko magia jaialdiari zabalkundea emateko sortu zuten, 2015ean, baina urtez urte egonkortuz eta haziz joan da ikuskizunak hiriburutik lurraldeko gainerako herrietara eramaten dituen egitasmoa.

Ikuskizunak eta tailerrak

Aurten, guztira, Arabako 11 herritatik igaroko da jaialdia. Izarran izango du abiapuntua, eta Zalduondon amaituko da, hilaren 16an. Tartean, hurrenez hurren, Gesaltza AƱanatik, Okinatik, Okondotik, Laudiotik, Buradon Gatzagatik, Lantarondik, Gaubeatik, Maeztutik eta Bastidatik ere pasatuko da.

Hodei eta Tor magoak izango dira magia ikuskizunak burutuko dituzten bi artistak. Euskaraz eta gazteleraz ariko dira oholtza gainean ikusleak txunditu nahian. Ikuskizun landuez gain, halere, hurbileko magia ere egingo dute; oholtzatik jaitsi eta ikuslearengana hurbilduko dira bi magoak. Magia bertatik bertara ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Haurrentzako magia tailerrak ere burutuko dituzte. Euskaraz izango dira guztiak, eta gehienez 20 haurrek parte hartu ahalko dute txanda bakoitzean. Magia trikimailuak ikasteko aukera izango da.

MagialdiAraba

Arabako 11 herritan, gaur hasi eta irailaren 16ra bitarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.