Amets nagusirantz

Bilboko Konpartsakide Eguna egingo dute etzi. Aste Nagusian parte hartuko duten Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiak aurkeztu dituzte

Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Hilabete besterik ez da falta Bilbok duen urteko asterik luzeenerako, Aste Nagusirako. Urduritasuna eta zirrara nabari dira konpartsen artean, eta, urteroko ohiturari helduz, Konpartsakide Eguna egingo dute larunbatean. Festak Bilboko Areatza kolorez, musikaz eta jan-edanaz beteko du, Aste Nagusiko aurre lanketa gisa. Marijaiaren etorrera han izango da, eta festa «airean usaintzen hasia da». Horregatik, «historikoa» izatea espero dute 40. Konpartsakide Eguna.

Larunbatean, 28 konpartsetako 2.000 kide inguru bilduko dira, eta egitarau oparoa prestatu dute horretarako: pintxo lehiaketarekin hasiko da eguna, eta Motxaila Band elektrotxarangarekin bukatuko. Tartean, ardo dastatzea, konpartsen bazkaria, Ozen erromeria... adin eta gustu guztietarako eskaintza zabala. Gastronomia ere tentuz zaintzen dute urtero, tokiko produktuen aldeko apustu irmoa eginez. Oraingoan, Eusko Label tomate eta piper berdeak doan dastatzeko aukera izango dute herritarrek, Bizkaiko Txakolinarekin batera.

Helduentzako festa bakarrik ez, aurtengo Aste Nagusian haurrek ere protagonismo berezia izango dutela iragarri dute. Etorkizuneko herritarrei begira jarriko dira, «inoiz baino gazteago» datorren edizioan. Haurrek Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiak izango dituzte bidelagun ekintza guztietan, patinete gainean hiria zeharkatzen. Abarka erraldoiak, orrazkera deigarriak eta arrantzale gona soinean ibiliko dira hara eta hona. Azaldu dutenez, Karpatxo da bikoteko «parrandazalea», saltsa guztietan sartuta ibili ohi dena. Mekanitxin, aldiz, «arduratsua da, eta Bilboko Konpartsetan ibilitakoa», eta bien arteko oreka mantentzen du. Biek izango dute gaztetxoen ekintzak gidatzeko ardura Aste Nagusiaren 40. urtebetetzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.