Prest dituzte orgak

Baztandarren Biltzarraren 55. aldia ospatuko dute bihar. Baztango herri guztietako karroza apainduek bat eginen dute Elizondoko kaleetan

Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Baztandarren Lehenengo Biltzarra 1963. urtean ospatu zuten. Ordutik, uztailaren bukaera aldera, milaka baztandarren topaleku bihurtzen da Elizondo (Nafarroa). Bailarako herrien arteko adiskidetasuna eta elkartasuna bultzatzea du xede egun horrek. Aurtengo ekitaldia bihar izango da, uztailak 22, eta baztandarrek egitarau oparoa antolatu dute, urtero bezala.

Ohi bezala, artisautza azoka paratuko dute goizean goiz. Horren ostean, 11:00etan, Baztango bailara osatzen duten 15 herriek orga apainduen desfilea egingo dute. Herri bakoitzak bere karroza izango du, eta nork bere erara apainduko du. Nafarroako historia edota bailarako iraganeko gaiak izan ohi dira orgak egiteko inspirazio iturri nagusiak.

Eguerdiko desfilea amaituta, ohikoa den bezala, mutil dantzak dantzatuko dituzte hainbat baztandarrek, 14:00etan, herriko plazan.

Dantzan ibili ostean, bizilagunek eta bisitariek herri bazkaria egingo dute, 14:30ean, Merkatuko zelaian. Aurreko urtean bezala, aurten ere azkar batean saldu dira bazkariko txartel guztiak. Guztira, 1.200 baztandar joango dira, antolatzaileen esanetan.

Bazkalostean, giroak ez du etenik izango: hainbat musika talde igoko dira Merkatu plazako oholtza gainera, eta larrain dantza ere eginen dute. Ekitaldiari amaiera emateko, saria emanen diete orga dotoreenei.

Trikidantz musika taldeak abiaraziko du arratsaldeko egitaraua, 18:00etan, Laxoako plazan. Horren ostean, Oharkabe taldeak dantzaldia eskainiko du, eta, goizaldeko ordu txikietan, DJ Tirry&Teryk musika jarriko du Baztandarren Biltzarra ostatuan.

Baztandarren Biltzarra

11:00etatik aurrera, Elizondoko karriketan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.