Unibertsorako bidaia

Izarrak ikusteko txangoak antolatu dituzte 'Lerin Izar Lurra' astroturismo jardunaldietan. Gaurtik igandera bitartean ospatuko dute jaialdia

Naia Begiristain -

2018ko uztailak 26
Lerin Izar Lurra izeneko astroturismo jardunaldiak egingo dituzte Lerinen (Nafarroa), gaurtik hasita igandera arte, eta «unibertsora sartzeko ateak» irekiko dituzte. Antolatzaileek programazio zabala egituratu dute: astroturismo jardunaldietan biltzen direnek aukera izango dute astronomiari buruzko hitzaldiak, kale antzerkia eta izarrak ikusteko, eta gaueko txangoak eta Iruñeko planetariora irteera egiteko, besteak beste. Inaugurazio ekitaldia 12:00etan izango da, udaletxean. Han izango da Teresa Cruz, Descubre fundazioko zuzendaria. Izarrak ikusteko gaueko txangoak gaur, bihar eta etzi egingo dituzte, 23:00etan. Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioak eta Astronavarra sareak gidatuko dituzte txangoak. Gaurko txangoa gotorlekuan hasiko da, eta biharkoa, futbol zelaian. Azkeneko txangoa La Cadena zubitik abiatuko da; han izango da Jose Luis Oses, Ibaigorri natura elkarteko kidea.

Ostalaritza eta astronomia

Jarduera horiez gain, haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzte. Izarren tailerrak egingo dituzte gaur eta bihar, Carmen Guerra eta Miguel Angel Ferrer adituen gidaritzapean. Haurrentzako kristalografia jarduerak ere gaur eta bihar egingo dituzte. Saioak Martha Santana eta Aitor Oses zientzialariek gidatuko dituzte.

Jardueretan hainbat esparrurekin lotuko dute astronomia: bihar antolatu dute, esaterako, ostalaritza eta astronomia uztartzen dituen tailerra. Datozen egunetan hainbat adituk bisitatuko dituzte astroturismo jardunaldiak: Emilio Alfaro eta Javier Armentia astrofisikoak horien artean egongo dira.

'Lerin Izar Lurra' jardunaldiak

Gaurtik igandera arte, Lerinen (Nafarroa).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna