Musika baino gehiago

Zumaiako Musika Jaiadian, musika klasikoaz gain, dantza eta zinema emanaldiak izango dira, baita alzheimerdunen aldeko kontzertu bat ere

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gaurtik abuztuaren 12ra arte, Zumaiako (Gipuzkoa) kaleak musikaz giroturik egongo dira: izan ere, Zumaiako Musika Jaialdia abian da, hogeita hamalaugarrenez. Musika klasikoa izango da ardatz jaialdian, baina askoz gehiago ere eskainiko dute: dantza, haurrentzako emanaldiak eta abesbatzen ekitaldiak, besteak beste.

Opera Sydneyk abiatu zuen jaialdia, atzo, Aida operaren emanaldiarekin. Gaur, berriz, XVI. Klarinete Maratoiko irabazleak musikaz beteko du Oxford aretoa, Lez klarinete laukoteak; 20:00etan izango da. Etzi, San Pedro abesbatzak parrokian kantatuko du, Amaia Aldalurrek zuzenduta eta Mari Carmen Azpeitiak pianoarekin lagundurik.

Alzheimerra dutenen alde

Ostegunean, Khami taldeak Bazzque World Sounds diskoko abestiak joko ditu, txistua oinarritzat harturik. Ostiralean, pintura tailer bat, Ezberdin bezain eder ikuskizuna, eta Jose Maria Beobideren omenezko organo kontzertua eskainiko dituzte.

Abuztuaren 5ean, Sapere Aude Sinfoniettak kontzertu «oso berezia» joko du, Maria eta Jose ikastetxeko aretoan, 20:00etan. Izan ere, antolakuntza gastuetarako behar adina bilduta, hortik aurrerako irabaziak Afagi elkarteari emango dizkiote. Elkarte horren xedea da alzheimerdunen eta beste dementziadunen eta horien senideen bizi kalitatea hobetzea.

Gainerako egunetan, zinema mutu musikatua, Argentinako musika eta musika barrokoa entzun ahalko dira, baita Faroe uharteetakoa ere. Ertza taldea dantzan ikusi ahalko da, eta Une proiektuak koreografiaren parte egingo ditu ikusleak.

Zumaiako Musika Jaialdia

Abuztuaren 12ra arte,Zumaian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.