Zuria, kopan eta hirian

Arabako Errioxako ardo zuriak eta txakolinak dastatzeko aukera izango da gaurtik etzi arte Gasteizen. Janaria eta musika ere ez dira faltako

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Zuria eta bertakoa: horiek dira Gasteizko Zuria ta Kitto ekitaldi enoturistikoaren ezaugarri nagusiak. Gaurtik etzi arte egingo dute, eta Arabako Errioxako ardo zuriak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako txakolinak dastatzeko aukera izango da hiriko hainbat gunetan. Musikak eta janariak osatuko dute ardo zuriaren festa.

Gasteizko hiriguneko hiru txokotan izango da kopak betetzeko aukera: Probintzia plazan, Urrezko Zeledonak plazan eta Abasto plazan. Guztira, 44 bodegak hartuko dute parte; horietako 24 Arabako Errioxa sor-markakoak izango dira; gainerakoak, berriz, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Txakolina sor-markakoak. Guztira, 65 ardo izango dira dastagai.

Dastatu eta ezagutu

Mikel Garaizabal enologoak ekitaldiaren aurkezpenean esan duenez, Arabako Errioxako ardo zuria eta hiru lurraldeetako txakolinak sustatzea da ekitaldiaren helburua. Halaber, ardo horien kalitatea ezagutaraztea ere badu xede. Haatik, ardoak probatzeaz gain, Gasteizera doazenek edari horren munduan murgiltzeko aukera ere izango dute: hainbat enologok gidatutako dastatzeak egingo dituzte, tartean Garaizabalek berak gidatuak.

Edaria izango da Zuria ta Kitto asteburu enoturistikoko produktu izarra, baina ez da faltako ardo zuriari eta txakolinari laguntzeko bestelako eskaintzarik ere: izan ere, Euskal Herriko produktuekin osatutako Puntu-puntuan afaria egongo da gaur-biharretan, Abasto plazan. Era berean, musikaz gozatzeko parada ere izango da, Music has no limits ikuskizuna egongo baita gaur, Abasto plazan; bihar, berriz, Foruen plazan.

'Zuria ta kitto'

Gaurtik etzi arte, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.