Proposamenak

Bi bazterrak bat eginda

Eñaut Elorrietak Baserriko Uzta egitasmoa girotuko du igandean, Pagolan, euskal musika eta nekazaritza ekologikoa bultzatzeko

ane insausti barandiaran
Pagola
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Eñaut Elorrietaren musika doinuek girotuko dute igande honetan Pagolako Sahalburia etxaldea (Zuberoa) Baserriko Uzta egitasmoaren barruan. EHKO laborarien kolektiboak bultzatutako ekinaldia da, bazterreko bi diziplina bultzatzeko sortu zena: euskal musika eta nekazaritza ekologikoa.

Urtaro bakoitzean Euskal Herriko baserri batean kontzertu bat antolatzean datza Baserriko Uzta, eta ekainaren erdialdean jarri zuten martxan bigarren aldiz. Olatz Salvador izan zen lehen gonbidatua, Anutzetan (Araba). Pagolakoa bigarren saioa izango da, eta azaroaren 9an egingo dute hirugarrena, Eibarren (Gipuzkoa), Ruper Ordorikarekin.

Egitaraua, ordea, ez da mugatzen kontzertura soilik. Sahalburia etxaldea eta bertan egiten duten azafrai ekologikoaren ekoizpena ezagutzeko aukera egongo da igandean. Goizean, Xexili Thoureuk, baserriko ekoizleak, bisita gidatua egingo du baserrian. Azafraia da haien produktu izarra, baina beste barazki batzuekin ere lan egiten dute. Ondoren, bazkaria egingo dute Gozo Gose ostatuan, eta Gexine, laborarien alaba arduratuko da menua prestatzeaz.

Proiektuaren sorrera

Iaz antolatu zen lehen aldiz ekitaldia. Anarik, Rafa Ruedak eta Mikel Urdangarinek jo zuten, Antzuolan (Gipuzkoa), Urduñan (Bizkaia) eta Arbonan (Lapurdi), hurrenez hurren. Neguko saioa bertan behera geratu zen, eguraldiagatik.

Aurten, hiru urtarotan egingo dute. Izena emateko, baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Baserriko Uzta



Igandean, Pagolako Sahalburia etxaldean (Zuberoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.