Mahonezko agurra

Musikak tarte handia hartuko du Ondarroako jaietako azken egunean. Kortxeleko Mamuen igoerarekin emango diete bukaera sinbolikoa

amaia igartua aristondo
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Ondarroako (Bizkaia) andramaixak bukatzear daude. Kortxeleko Mamuen kalejirarekin —23:20an— eta osteko igoerarekin —23:45ean, Musika plazan— agurtuko dituzte jaiak gaur. Hala ere, Arrantzale Eguna ekintzaz lepo egongo da, eta egun horretan ohikoak diren mahonezko arropekin jantzita aterako dira.

Musika izango da gaurko ikuskizun gehienen erdigunea, eta kalea izango dute kokaleku. 10:30ean, herriko txistularien kalejira hasiko da; gero, 12:00etan, Artelanek kalea animatuko du. Bi ekintza egongo dira aukeran 13:00etan: batetik, Atako Bandaren dantza saioa; eta, bestetik, Maialen Lujanbioren eta Fredi Paiaren bertsoak, Alameda plazan eta Alde Zaharrean.

Jarraian, lasai bazkaltzeko aukera izango dute festazaleek, 18:00 arte. Ordu horretan, Bentazaharreko Neska Mutiko Alaiek musika ikuskizuna emango dute; Kofradia Zaharraren aurrean hasi, eta Itsasaurre plazan amaituko da.

Handik Zubi Zaharrera aldatuko da jaia. Nasapuntakoa egongo da 18:30ean, eta Allarte Elkarteak oihal eta trapezio ikuskizuna egingo du 19:30ean.

Iluntzetik aurrera, musikak berreskuratuko du protagonismoa andramaixetan: bi erromeria egongo dira 20:00etan: bata Jokaldirena, Kafeatzean; bestea euskal erromeria, Alde Zaharrean entzun ahal izango dena. Musika plazak ere bi kontzertuko hartuko ditu: Ezbaianena, 22:30ean; eta Repercusion, Gaz Limbo eta Klag Klub taldeena, 00:30ean. Oihan Vega DJak jarriko dizkie azken doinuak aurtengo andramaixei, 00:30etik aurrera, Itsasaurre plazan.

Arrantzale Eguna

Gaur, egun osoz, Ondarroan(Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.