Birusaren ostekoa aztertuko dute Jakin Jardunaldian, uztailaren 16an

Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak antolatu dute. Lekua mugatuko dute segurtasunagatik

Erredakzioa
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
COVID-19ak agerian utzi dituen gizartearen gaitzei begiratuko diete uztailaren 16an Usurbilgo ikastolan (Gipuzkoa) egingo den Jakin Jardunaldian, etorkizunera begirako hausnarketa egin nahian. Birusak, distopiak eta mundu berriak izenburua jarri diote antolatzaileek jardunaldiari, eta, bertan, zortzi adituk hartuko dute parte: Mario Zubiagak, Joseba Azkarraga Etxagibelek, Arantza Etxeberriak, Teresa Larruzeak, Irati Zubiak, Lorea Agirrek, Aizpea Otaegik eta Agurtzane Solaberrietak. Topaketarako prestatutako beste autoreen testuak eta bideoak ere erabiliko dituzte, denon artean egungo egoeraz eta, bereziki, etorkizunaz gogoetatzeko. Aurreko urteetan bezala, Jakinek, Udako Euskal Unibertsitateak eta Usurbilgo Udalak antolatu dute jardunaldia.

«COVID-19ak izua zabaldu du, eta izua errealitate distopikoz erditu, eta distopiak normaltasun berria ekarriko omen du», azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak: «Bitarte horretan, sistemaren aldamio ezkutuak, egiturazko akatsak eta mito eta usteen hauskortasuna azalera atera dira: eskubide soziopolitikoak berrogeialdian, autoritate bakarra indarrean, informazioaren anabasa eta gezurraren zabaltzea, naturaren gain-ustiaketa, bizitzaren prekarizatzea. Eta, horren kontrakarrean, baita jendearen arteko elkartasun uholdea ere: injustizia sozialari erantzuteko berariazko egiturak han eta hemen, publikoaren eta komunalaren arteko lankidetza berriak eta bestelako gizarte bat pentsatzeko eta eraikitzen hasteko diskurtsoak. Distopiari utopia bat». Horregatik, «zergatiak, mitoak, korapiloak eta irtenbideak» mahai gainean jarri eta partekatzeko saioa da Jakin Jardunaldia.

Segurtasun neurriak ahalik eta modurik egokienean bermatzeko, egun bakarrean egingo dute Jakin Jardunaldia. Uztailaren 16an izango da Usurbilgo ikastolak, areto zabal eta egoki batean. Hala ere, lekuak mugatu beharrean izan dira antolatzaileak, eta ohi baino entzule gutxiagok hartu ahal izango dute parte.

2017tik Usurbilen antolatzen dute Jakin Jardunaldia. Urte hartan Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua izan zen mahai gainean jarritako gaia. 2018an, berriz, 68/18 Utopia. Iruditeria berrien bila goiburuarekin aritu ziren, eta iaz, azkenik, Maitasuna politikoa da izan zen jardunaldien izenburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.