Datorren asteko estreinaldiak

Mariatxi bakarti batekin hasi zen dena

Robert Rodriguezek Yukito Kishiroren 'Alita, Battle Angel'-en moldaketa egin du, James Cameronekin elkarlanean
Alita gaztea da filmeko progatonista; ezagutzen ez duen mundu batean esnatuko da.
Alita gaztea da filmeko progatonista; ezagutzen ez duen mundu batean esnatuko da. BERRIA

Gontzal Agote -

2019ko otsailak 9
Azken hogeita bost urteotako bi zinemagilerik arrakastatsuenetakoen elkarlanaren emaitza da Alita, Battle Angel: Robert Rodriguez eta James Cameron. Ez dira onenak, baina egiten dituzten film ugarik arrakasta komertzial handia izan dute, eta horrek ohorezko lekua eman die Hollywoodeko industrian.

Robert Rodriguezek El mariachi film txikiarekin eman zuen bere burua ezagutzera, 1992. urtean. Mexikon filmatutako akzioz eta indarkeriaz jositako istorio bat zen, Sundanceko jaialdian ikusleen saria irabazi zuena.

El mariachi-k trilogia baterako eman zuen —1995eko Desperado eta 2003ko Once Upon a Time in Mexico—, baina ez zen hori izan Rodriguezentzat izan zuen ondoriorik inportanteena. Lehen film horrek beste zuzendari baten atentzioa piztu zuen: Quentin Tarantino izeneko hasiberri batena, hain zuzen.

Biek ala biek antzeko ikuspegia zuten, eta 1990eko hamarkadan hainbat lan egin zituzten elkarlanean: Four Rooms, From Dusk Till Dawn edota Grindhouse. B saila, indarkeria eta vintage estetika zituzten ezaugarri nagusiak.

Horiez gain, Tarantinorekin ere elkarlanean egin zuen Sin City-k eman dio osperik handiena Rodriguezi. Frank Millerren eleberri grafikoaren gainean, hiru film egin zituen zuzendariak, Bruce Willis, Rosario Dawson, Jessica Alba eta Mickey Rourkerekin.

Cameron, lanpetuta

Horiek horrela, azkenengo urteak ez dira sobera onak izan Rodriguezentzat. Spy Kids frankiziaren laugarren atalak oso harrera eskasa izan zuen, eta telebistarako prestatutako proiektuek ere —Matador eta From Dusk Till Dawn— ez dute lortu oso arrakasta handirik .

Egoera horretan zenean, proposamen bat ailegatu zitzaion Robert Rodriguezi. Horren atzean zegoena bazen norbait: James Cameron bera. Avatar kaskartxoa egin zuenetik hamar urte pasatu dira, eta, dirudienez, orain guztiz murgilduta dago frankiziaren segidetan —beste lau daude iragarrita 2025 arte—. Yukito Kishiroren Gunnm manga sailaren moldaketa zinematografikoa egin nahi izan zuen Cameronek, eta zuzendari baten bila hasi zen. Modu horretan, Rodriguez eta Cameronen bideak elkartu ziren; azkenak ekoizle lana gorde du berarentzat.

Kishiroren lana 1990etik 1995era argitaratu zituzten bederatzi liburukitan dago jasoa. Cyberpunk estiloko komikiak etorkizun apokaliptikoa aurkezten du, eta gizakiaren gaineko oso ikuspuntu iluna du. Bi partetan dago banatuta mundua: batean, deus ez dutenak bizi dira; bestean, ur gaineko hiri batean, bizimodu erosoa duen herritar talde txiki bat bizi da.

Testuinguru horretan, Dyson doktoreak cyborg gazte bat aurkituko du. Hura konpondu ostean, ohartuko da borrokarako gaitasun harrigarria duela. Cyborg-ak ez du batere oroitzapenik, eta bere iragana zein den ezagutu nahiko du.

'ALITA, BATTLE ANGEL'

Zuzendaria. Robert Rodriguez.

Aktoreak. Rosa Salazar, Christoph Waltz, Jennifer Connelly, Jackie Earle Haley, Ed Skrein, Mahershala Ali.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 121 minutu.

Generoa. Zientzia fikzioa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian; eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna