Datorren asteko estreinaldiak

Amatasunaren auzi paraleloa

Bizitza ulertzeko ikuspuntu kontrajarriak, giza harremanak, emakumetasuna, amatasuna eta trama sozialak jorratzen ditu Pedro Almodovarren 'Madres paralelas' azken filmak

Madres paralelas-eko eszena bat, filmeko bi protagonistekin: Janis eta Ana. BERRIA.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Badirudi itxaronaldi luzearen bukaera ailegatu dela: urriaren zortzian, Pedro Almodovarren Madres paralelas azken filma estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, Sony Pictures-en eskutik.

Veneziako Festibalean aktore onenaren Volpi Saria jaso ondoren, Penelope Cruz da argia ikusteko zorian dagoen film horren aktoreen zerrendako burua. Madrildarrarekin batera, Milena Smit, Israel Elejalde, Aitana Sanchez-Gijon, Rossy de Palma eta Julieta Serrano dira, besteak beste, lan horretan parte hartu duten aktoreak.

Amatasuna ardatz

Almodovarren azken filmaren istorio guztia ospitale batean gertatzen da: erditzeko puntuan dauden bi emakumek, Janisek eta Anak, ospitaleko logela batean elkar ezagutzen dute; kasualitatez, biak ezkongabeak dira eta, gainera, biak testuinguru berberean geratu ziren haurdun: istripuz. Filmaren mamia pertsonaia bakoitzaren ikuspuntuak osatzen du, hau da, bizitzea tokatu zaien egoera interpretatzeko eta baloratzeko moduak.

Batetik, Janis, adin ertaineko emakume bat, bere egoeragatik harro-harro dago, eta haurraz erditzeko irrikaz. Ana, bestetik, nerabea da, eta txanponaren ifrentzua suertatzen zaio: beldurrez dago haurdunaldiarekin, eta damu da umedun geratu izanaz; gainera datorkion sentimen uholdeak guztiz traumatizatuta eta blokeatuta egotera darama.

Horiek horrela, bi logelakideek ospitaleko korridoreetan barrena paseatzeari ekiten diote, apurka-apurka. Hasieran ia-ia hitzak trukatzeko gai ez diren arren, denboraren poderioz eta korridoreetako osteratxoei esker, lagun bihurtzen hasten dira.

Azkenean, bien arteko harremana izugarri estutzen eta korapilatzen da, eta bien bizitzak betiko aldatzen dira, ospitalean elkarren ondoan igarotako denboraren eta esperientzien poderioz.

Pedro Almodovar Ciudad Realgo (Espainia) zuzendariak ibilbide profesional luzea du. Urruti geratu da 1978. urtean kaleratu zuen lehen film hura: Salomé. Orduz geroztik, hamarkadak joan eta hamarkadak etorri, Todo sobre mi madre,Hable con ella, Los amantes pasajeros, Volver, Julieta, Dolor y Gloriaeta Entre tinieblas filmen sortzailea izan da, besteak beste.

Bere filmetan, sarri, giza harremanak izaten ditu hizpide; hain zuzen ere, lan handia egin du emakumeen harremanak pantailan islatzeko. Era horretako erlazioa sumatu liteke, izan ere, estreinatzeko puntuan dagoen Madres paralelas lanean; oraingoan, emakumetasunaren auziari amatasunaren ertzetik heldu dio, eta horrek barruan dituen hainbat adarretatik ere bai.

Almodovarren ibilbide profesionala lau etapa artistikotan banatu ohi dute adituek: hastapenetako aro esperimentala, horren ostean etorri ziren hobekuntza formalaren etapa eta aro soziala, eta Madres paralelas azken lan hori hartzen duen egungo etapa introspektiboa.

Lortu dituen sarien artean, besteak beste, Oscar sari bat eta Goya sariketako hainbat azpiataletako sariak nabarmentzen dira.

'MADRES PARALELAS'
Zuzendaria. Pedro Almodovar.
Aktoreak. Penelope Cruz, Milena Smit, Israel Elejalde, Aitana Sanchez-Gijon, Rossy de Palma.
Herrialdea. Espainia. Urtea. 2021.
Iraupena. 123 minutu.
Generoa. Drama, amatasuna.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinemetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.