Datorren asteko estreinaldiak

Negu baten azken argi printzak

Agurraren moldea du Clint Eastwooden 'Cry Macho' filmak. Tonu apalez kontatzen du erretiroa hartua duen cowboy zahar baten eta gazte baten harremana, road western eran

Clint Eastwood, Mike Miloren paperean, zaldi gainean, Cry Macho filmeko irudi batean. CLAIRE FOLGER / WARNER BROS.
gorka erostarbe leunda
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Bi egitatek ematen dute atentzioa Clint Eastwooden film berri bakoitza zinema aretoetara iristen den aldiro. Bata da ia urtero, atseden tarterik hartu gabe, film bat idazten eta zuzentzen duela, dagoeneko 90 urteak ondo igaroak dituen arren (1930eko maiatzaren 31n jaio zen). Bestea da ateratzen duen lan bakoitzeko aldeko aipamen eta argudioak baino gehiago pilatzen dituela kontrakoak, nahiz eta beti dagoen sutsuki defendatzen duen kritikaririk, edo gutxienez alde interesgarririk topatzen dionik. Gutxi-asko hori gertatu da 2008an Gran Torino atera zuenetik, askorentzat Eastwooden azken film handia baita.

Hamahiru urte igaro dira orduz geroztik, eta beste hamar film egin ditu zinemagile estatubatuar klasiko bihurtuak. Ohikoak izan dira gizaki xume estatubatuar ondraduaren rola izan duten heroi anonimoen erretratuak—American Sniper (2014), Sully (2016), Richard Jewell (2019)— pertsonaia ezagunagoen argi-itzalekin osaturiko profil biografikoak —Invictus (2009) J.Edgar (2011)—, eta Gran Torino-ko Walt Kowalski zaharraren sokari tiraka bere nola-halako alter ego baten oihartzunak dakartzaten pertsonaien istorioak—The Mule (2018) eta oraingo Cry Macho (2021)—.

Texas, 1978. Rodeoetako izar ohi eta zaldi-hazle den agure erretiratu bat da protagonista: Mike Milo (Eastwood); bere nagusi izandakoaren enkargua onartuko du: haren semea Mexikotik etxera itzultzea, ama alkoholikoarengandik urrundu dadin. Bidaia horretan ezusteko abentura bat biziko dute biek.

Gidoia aitzakia bat da Eastwoodek bere bizitzaren negu ondo sartuan kontatu nahi dituen zenbait gauza kontatzeko. Western leun bat da, ia intrigarik ez duen thrillerretik ere baduena, errepideko film haustua ere badena, ia ezer ere ez dela gertatzen dirudiena, baina su geldoko narrazio goxoa duena —zenbaitek naif eta kurtsitzat jo du—. Agur esaten ari dela dirudi, eta, horretarako, ia 40 urtez tiraderan gordetako gidoi bat darabil. Jada hilda dagoen N. Richard Nashek idatzi zuen gidoia, 70eko hamarkadan. Ez zuen lortu inongo ekoiztetxek eros zitzan egile eskubideak, eta, azkenean, nobela bilakatu zuen. 1980ko hamarkadaren amaieran, Eastwood bera filma zuzentzear izan zen, baina azkenean beste 30 urte igaro behar izan dira filmatu duen arte. Ez da kasualitatea Gran Torino-n eta The Mule-n gidoigile izandako Nick Schenck berberak lagundu diola Cry Macho-n ere Eastwoodi.

Mike Miloren pertsonaiak cowboyaren mitoaz gogoeta egiteko balio dio Eastwoodi, eta western klasikoari atxikitzen zaion maskulinitate eredua nola-hala auzitan jartzeko ere bai. Berak zineman hainbestetan jokaturiko pertsonaien argi-itzalak hots kirrinkaririk gabe azaltzeko. Egungo begirada agure jakintsu eta jakitunarena du; erredentzio moduko bat bilatzen duena eguneroko gauza txiki xumeei erreparatuz eta giza harremanen emozioei helduz. Etorri badatorren neguaren amaieran argi printza batzuen xerka dabil.

Filmaren zuzendari eta protagonista da Eastwood. Azkena ote?

'CRY MACHO'
Zuzendaria: Clint Eastwood. Aktoreak: Clint Eastwood, Eduardo Minett, Natalia Traven, Fernanda Urrejola, Dwight Yoakam, Sebestien Soliz.Herrialdea: AEB. Urtea: 2021.
Iraupena: 104 min.
Generoa. Drama, road movie.
Estreinaldia. Azaroaren 10ean estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.