Sormenaren bideak

Hong Sang-soo zinemagile hegokorearrak krisialdi artistiko batean dauden emakume batzuen istorioa kontatzen du azken filmean. Sormenari buruzko hausnarketa bat da

Filmeko hiru protagonistak, solasean. Hong Sang-sook askatasun handia eman ohi die aktoreei.. SO-SEOL-GA-UI YEONG-HWA.
Uxue Arzelus Lasa.
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Elkarrizketa luzeak, ramen-a eta makgeolli botilak —arrozarekin egindako Hego Koreako ardoa—. Parkean egindako pasierak eta keinu hizkuntzara itzulitako esaldiak. Ibilbide luzeko zine zuzendaria eta zinegile hasiberria. Hiru emakume: idazle bat, idazle izandako liburu denda baten jabea, eta aktore bat. Eta hausnarketak: artista bizitzari buruzkoak, karreran egindako atsedenaldi eta denbora alferrik galtzeari buruzkoak, beste norabide bat hartzen duten sortzaileei buruzkoak.

Bere azken film luzean, Hong Sang-soo hegokorearrak Junhee nobelagilearen egunak erakutsi ditu. 70 urteko idazleak urteak daramatza eleberririk idatzi gabe, eta sormen krisi batean murgilduta dago. Bere ibilbide artistikoari buruz hausnartzen ari da, eta bide berri bat hartzeko prest dago. Hyojin zinema zuzendariarekin topatuko da Junhee; bere eleberri bat pantaila handira eraman behar zuen zinemagilea da Hyojin, baina, arrazoi ekonomikoengatik, proiektuak ez zuen aurrera egin. Junhee, zinemagilearekin eta bere emaztearekin pasieran dabilela, Kilsoo aktorearekin elkartuko da, eta idazleak jarraitzailea dela aitortuko dio. Kilsook ere denbora darama antzeztu gabe, eta Junheek berak zuzenduko duen film laburraren protagonista izateko proposatuko dio.

Zuri-beltzean grabaturik, Hongek, frustrazio artistikoari buruzko istorio bat baino gehiago, gutxien espero den lekuetan gutxien espero den pertsonekin aurkitu daitekeen sormenari buruzko hausnarketa bat egin du. Horrela, ausazkoak diruditen topaketekin eta itxuraz inora ez daramaten eszenekin, bizitzaren eta ibilbide artistikoaren gorabeherak onartzearen eta besarkatzearen aldeko aldarria da So-seol-ga-ui Yeong-hwa. Zenbaitetan autobiografiko, zenbaitetan hutsalak diruditen elkarrizketek eratzen dute istorioa, eta, detaileen poesia eginez, zinemagile hegokorearrak maitasun aitortza bat egin dio bere ogibideari.

Hong Sang-sooren zinema

Hong Sang-soo ibilbide luzeko zinemagilea da: So-seol-ga-ui Yeong-hwa haren 27. film luzea da, eta,urte luze hauetan haren zinemak bilakaera bat eduki badu ere, guztiz identifikagarri bilakatu dira hegokorearraren filmak; zenbaitek diote urteak daramatzala film bera egiten, aldaketa txiki batzuekin. Azken pelikuletan, gainera, zuzendari, gidoilari, argazki zuzendari, musika konpositore, ekoizle eta muntatzaile lanak egin ditu, eta horrek are pertsonalago bilakatu ditu haren obrak.

Inprobisazioaren maisu, gidoi lerro soil batzuk idazten dituela aitortu du, eta grabaketan askatasuna ematen die aktoreei. Ondoren, muntatze lanean, moztu gabeko plano luzeetan aurkituko du bilatzen duen hori: arruntak, hutsalak, garrantzirik gabeak diruditen elkarrizketetan ezkutatzen diren egiak. Egia horiek zinegileak landu ohi dituen gaiei buruzkoak izaten dira: maitasuna, harremanak eta zinea, artea edo sormena. Eta, hala ere, ohikoak, identifikagarriak eta Hongen zigilua daramaten film hauek beti dute tolestura berri bat, arakatu gabeko ertz bat, oraindik agortu ez den hausnarketa bat.

'SO-SEOL-GA-UI YEONG-HWA (THE NOVELIST'S FILM)'
Zuzendaria: Hong Sang-soo.
Gidoilaria: Hong Sang-soo.
Aktoreak: Lee Hye-young, Kim Min-hee, Seo Young-hwa
Argazkia: Hong Sang-soo.
Generoa: drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 92 minutu.
Herrialdea: Hego Korea.
Estreinaldia: abenduaren 28an estreinatuko dute Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.