Genero arauekin dantzan

Gizarteak emakume eta gizonengandik espero duenaz mintzo da Saim Sadiqen 'Joyland'. Haider gazteak dantzari lana lortuko du ikuskizun erotiko batean, guztia kolokan jarriz

Genero arauak dira Saim Sadiqen lehen film luzearen ardatza. JOYLAND.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Lahore, Pakistan. Rana familia. Aita, Appa, patriarka, Pakistango familia tradizional baten eginbeharrak errespetarazten tematua. Aulki gurpildunean eserita, haren presentzia hutsak tentsioa sorrarazten du. Seme zaharrenak, Saleem-ek, aitaren pausoei jarraitzeko interesa du, eta gizon batek izan behar duen hori guztia bilatzen du. Haren emazte Nucchi haurdun dago, eta bi alabaren ondoren mutiko bat jaioko den esperantza dute. Haider seme gazteenak, filmeko protagonistak, etxeko zaintza lanak egiten ditu: ilobekin ematen du eguna, otorduak prestatzen ditu eta etxea txukuntzen du. Haren emazteak, Mumtaz-ek, ile apaindegi batean egiten du lan, baina makillaje artista bihurtzea du amets. Haiderrek dantzari lana topatzen du ikuskizun erotikoak egiten dituen talde batean, eta ikuskizunaren izarra den emakume transaz maiteminduko da. Familiari antzokiko manager postua lortu duela esan ondoren, Mumtaz-ek lana utzi beharko du, etxeko lanez arduratzeko.

Saim Sadiq-en opera prima Cannesko Zinemaldian aurkeztu den lehen film luze pakistandarra da. Han Un Certain Regard saileko epaimahaiaren saria eta Queer Palm saria jaso ondoren, mundu osoko zinemetan estreinatu da; ia mundu osoko zinemetan. Izan ere, Pakistango Gobernuak filma estreinatzea debekatu zuen joan den urteko azaroan, talde erlijiosoek eta eskuindarrek hala eskatu ostean; baina auziak sare sozialetan izan zuen erreakzioaren ondoren, debekua kentzea erabaki zuten. Hala ere, Punjab-en —filmaren kokalekua eta Pakistango probintziarik populatuena— debekuak indarrean jarraitzen du.

Genero arauak jarri ditu erdigunean Sadiqek. Pertsonak direna, izan behar dutena, izan nahi dutena. Gizarteak genero bateko pertsonengandik espero duena. Pakistandarrak zalantzan jartzen ditu arau horiek, eta norbere identitatea eraiki nahian, askatasun bila dabiltzan pertsonaien istorioa kontatu du. Filmaren abiapuntutik daude kolokan estereotipoak: Haider, gizon lotsati eta sentibera, zoriontsu da zaintza lanetan, eta haren emazteak mundura haurrak ekartzearen betebeharra baino gehiago nahi du bere bizitzan. Baina filmak aurrera egin ahala, orduan eta hertsiagoak bilakatuko dira espektatiba horiek, orduan eta eskuraezinago askatasuna.

Joyland familia baten istorioa da. Gizarte heteropatriarkal batean bizi den familia batena. Haren kideak gizarte horretan haien lekua topatu nahian dabiltza, sarri familian duten tokia kolokan jarriz. Sadiqek ez du etsairik bilatzen bere pertsonaiengan. Errukiz eta enpatiaz begiratzen ditu, eta argi uzten du benetako etsaia, erruduna, gaizkilea, gizartea bera dela. Horrela, pertsonaia guztiek dituzte argi-ilunak, denak ari dira egokitu zaien bizitza horretan nabigatzen ikasten. Zinemagile pakistandarrak ikasketa horri lekua uzten dio filmean; pertsonaien lorpen eta akatsei tartea ematen die, eta presarik gabe eraikitzen du eszena bakoitza. Aldarrikapen handiak egin baino gehiago, askatasun bila ari den familia baten istorio intimoa kontatzen du Joyland-ek.

'JOYLAND'
Zuzendaria: Saim Sadiq.
Gidoilariak: Saim Sadiq, Maggie Briggs.
Aktoreak: Ali Junejo, Alina Khan, Rasti Farooq.
Argazkia: Joe Saade.
Generoa: drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 126 min.
Herrialdea: Pakistan
Estreinaldia: otsailaren 10ean estreinatuko dute Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.