Datorren asteko estreinaldiak

Atzera begirakoa ibilbide artistiko eta pertsonalari

Kutsu autobiografiko handia du Pedro Almodovarren 'Dolor y gloria' film berriak
Penelope Cruz da filmeko aktore protagonistetako bat.
Penelope Cruz da filmeko aktore protagonistetako bat. BERRIA

Gontzal Agote -

2019ko martxoak 16
Ia berrogei urte pasatu dira Pedro Almodovarrek lehenengo film luzea egin zuenetik: 1980ko Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón. Aurretik beste film amateur bat zuen egina —1978ko Folle... folle... ¡fólleme Tim!—, baina film horrek bihurtuko zuen Almodovar garaiko kultura garaikidearen ikono.

Zuzendariaren ezaugarri nagusietako batzuk agertzen ahal ziren jada komedia hartan, baita geroko ibilbidean bidelagun izanen ziren hainbat aktore ere: Carmen Maura, Cecilia Roth, Julieta Serrano...

Madrilgo movida-ren erritmora, 1980ko hamarkada zinez emankorra izan zen espainiarrarentzat, ia urtero estreinatu baitzuen film berri bat: Laberinto de pasiones, Entre tinieblas, ¿Qué he hecho yo para merecer esto?, Matador, La ley del deseo... 1988ko Mujeres al borde de un ataque de nervios filmak amaitu zuen garai hura.

Ospea eta sariak

Filmak izugarrizko arrakasta izan zuen herrialde askotan, eta, hortik aurrera, Almodovarren izena marka moduko bat bihurtu zen. Zinemagileak komediak alde batera utzi eta drama gordinen bidea hartu zuen, eta gero eta keztatuago zegoen estetika eta estilo jakin batzuekin.

Aldaketak bilatutako saria izan zuen azkenean: 1999an, ingelesez besteko film onenaren saria eman zioten, Todo sobre mi madre-rekin. Melodrama horrek lehenengo filmean harekin lan egindako aktore bat zuen protagonista: Cecilia Roth.

Hiru urte geroago, Pedro Almodovarrek beste Oscar bat irabazi zuen; Hable con ella filmak gidoi onenaren saria irabazi zuen. Sariak sari, filmografia interesgarri eta gorabeheratsua izan da milurteko berriarekin eskaini diguna: La mala educación, Volver, Los abrazos rotos, La piel que habito...

2013an, berriz, dramatik ihes egiten eta hastapenetako komedia zoroetara itzultzen saiatu zen, baina Los amantes pasajeros filmak argi utzi zuen zuzendariak galdua zuela orduko freskotasuna eta serioegi hartzen zuela bere burua. Ondorengo Julieta-k norabidea nolabait zuzentzeko balio izan zion.

Orain, Dolor y Gloria honekin, zinemagileak film oso autobiografikoa egin du berriro ere, La ley del deseo edota La mala educación-ekin egin zuen bezala. Izan ere, protagonista zinema zuzendari bat da; bere ibilbide artistikoaren amaieran dago, eta oroitzapenekin borrokan bizi da.

Almodovarren alter ego-a haren ibilbideari estuki lotuta dagoen aktore batek egin du: Antonio Banderasek. Ez da hura film honetan parte hartzen duen zuzendariaren historiko bakarra, hor baitira Penélope Cruz, Julieta Serrano eta Cecilia Roth ere, besteak beste. Horiez gain, baita aktore gazteago batzuk ere, hala nola Raul Arevalo, Asier Etxeandia edo Rosalia abeslaria bera ere, rol txiki batean.

'DOLOR Y GLORIA'

Zuzendaria. Pedro Almodovar.

Aktoreak. Antonio Banderas, Asier Etxeandia, Penelope Cruz, Leonardo Sbaraglia.

Herrialdea. Espainia.

Urtea. 2019.

Iraupena. 106 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.