Datorren asteko estreinaldiak

Iraupena, zoriaren esku

Gerard Butlerren film berrian, asteroide batek munduko bizia bukaraziko du. Talka baino lehen, gobernuek zozketa bidez erabakiko dute nortzuk salbatu ahal izango diren

Egoera apokaliptiko batean, familia batek oztopoz betetako bidaia bat abiatuko du lur azpiko aterpera heldu eta bizitza salbatu ahal izateko. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Mundu osoko sarraskia eragiten duen ezusteko gertaera baten istorioak ezin egokiagoa dirudi 2020rako. Greenland filmaren kasuan, ordea, mundua hankaz gora jarriko duena ez da birus bat izango, asteroide bat baizik. Zientzialariek huts egin dute neurketetan: hasieran, erabaki zuten planetara hurbiltzen ari zen harritzarrak ez zuela arriskurik; asteroidea asko gerturatuko zela, baina kalterik eragin gabe jarraituko zuela bere bidea. Aldiz, talkaz ohartuko dira hura gertatu baino egun gutxi lehenago, baita hark izango dituen ondorioez ere: mundua suntsituko baitu asteroideak.

Inpaktuak Lurreko bizi zantzu guztiak deuseztatuko ditu. Horren jakitun, mundu osoko gobernuek biztanle batzuk salbatzea erabakiko dute, zozketa bitartez. Hautatuak izan diren urriei lur azpiko bunker batzuk egokituko zaizkie, non aterpe hartuko duten ezbeharra gertatu bitartean. Zorizko erabaki horrek bizitzeko itxaropena emango die gutxi batzuei, baina, aldiz, heriotzara bultzatuko ditu gainontzeko guztiak, ezer egiteko aukerarik gabe. Kaos egoeran murgilduko da mundua, ondorioz.

Filmaren protagonistei —banatzear zegoen bikote bat eta haien seme gaztea— bunker horietako bat egokitu zaie. Alabaina, haiengandik urrun dago, eta, hara heltzeko, oztopoz betetako bidaia luzea egin beharko dute; 48 ordu baino ez dituzte izango hura burutzeko, ordea. Ezbeharreko talka jazo baino lehen, harri erraldoiaren zati batzuk lurreratuko dira, eta gutxika-gutxika joango dira Lurra sarraskitzen. Baina, oztopo naturalei ez ezik, gizatiarrei ere aurre egin beharko diete protagonistek, eta, zailtasunak zailtasun, elkarren ondoan mantendu beharko dute bizirik irauteko eta aterpera eramango dituen hegaldia hartu ahal izateko.

Ric Roman Waughen zuzendaritzapean aritu dira Gerard Butler eta Morena Baccarin, bikote protagonistarena egin duten aktoreak. Mitchell LaFortune, Chris Sparlin eta Ric Roman Waugh berak egindako gidoiari laguntzen diote akziozko eszena ugarik eta ikuslea giro apokaliptikoan murgiltzen duten efektu bereziek.

Esperientzia handia

Greenland pelikulak bigarrenez batu ditu Gerard Butler eta Ric Roman Waugh, lehenengo alditik urtebetera: zuzendariak aktore estatubatuarra aukeratu zuen protagonista nagusi moduan Angel Has Fallen filmerako, zeina 2019an estreinatu baitzen. Dena den, Butlerrek ibilbide luzea darama Hollywooden, eta aski ezagunak diren hainbat pelikulatan aritu da lanean. Esaterako, 300 filmean ere rol protagonista izan zuen. Oraingoak, ordea, iraganera joan beharrean etorkizunaren inguruan espekulatzen du.

Morena Baccarinek ere urteak daramatza kameraren aurrean lanean, eta haren curriculumean ere ageri dira hainbat ekoizpen sonatu: besteak beste, Homeland saio arrakastatsuan aritu zen, eta Deadpool-eko antzezleetako bat da egun. 2016tik superheroi horretaz egin diren hiru film luzeetan aritu da, pertsonaia garrantzitsuenetako baten larruan.

'GREENLAND'
Zuzendaria. Ric Roman Waugh.
Aktoreak. Gerard Butler, Morena Baccarin, David Denman, Scott Glenn.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2020.
Iraupena. 119 minutu.
Generoa. Thrillerra, drama, ezbeharra.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.