Datorren asteko estreinaldiak

Zahartzearen izua, beldurgarri

Natalie Erika James zinemagilearen lehen lan mardula da 'Relic'. Beldurrezko film bat da, eta zahartzeak eragiten duen beldurraz hitz egiten du. Ostiralean estreinatuko dute

Hasieran beldurraren generoaren barnean egon arren, James zinemagileak dramaren alde egin du Relic filmean. RELIC.
Nagore Arin.
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Zahartzaroari beldurra. Idea hori du oinarrian Natalie Erika James zinemagilearen Relic lan berriak. Familia bat, hiru belaunaldi eta hiru emakume: amona, ama eta alaba. Horiek dira film luzearen hiru protagonista nagusiak, baina bada kontakizunean presentzia nabarmena duen laugarren bat ere, hiru emakumeak nahasi eta beldurtuko dituen presentzia bat. Beldurrezko ekoizpen bat denez, laugarren agerpen hori da filmari dementziaz eta tentsioz beteriko atmosfera itogarri eta guztiz iluna gehituko diona.

Emily Mortimer, Robyn Nevin eta Bella Heathcote izan dira hiru emakumeak jokatu dituzten antzezleak. Kontakizunean pisu handia duten interpretazioak dira; izan ere, beldurraren kutsua baino gehiago, drama dario ekoizpenari, eta drama hori pantaila handian transmititzeko moduak sortzen du atmosfera iluna. Era horretan, fantasiaren generoan erabili ohi diren baliabideak ere zukutu ditu zuzendariak, eta azken produktu gisa, 88 minutu irauten dituen drama psikologiko bat sortu du.

Jamesen 'opera prima'

Hainbat zinemazaleren ustez, ez ditu beldurrezko film ohikoen parametroak betetzen. Muntaketa pausatu samarra dela esan dute, baina, aldi berean, ezaugarri hori bera nabarmendu dute, sustorik eragin gabe ere egonezina sortzen duelako. Gainera, geldotasun hori «gustura» ordaintzen dela esan dute batzuek: ikus-entzuleak lotu eta kateatzeko estrategia dela uste dute, barealdi hori ekaitz indartsu batean bihurtzen delako. Eta hor, ekaitzaldiaren ondoren, argitzen da dena: zahartzaroari beldurra, amatasunari beldurra, adinean aurrera egin ahala agertzen diren mamuak, bakartasuna... Finean, kontakizunaren oinarri guztiak.

Zinemagintzaren industrian ekoizpen ugari egin dituen arren, Jamesen lehen operaprima da Relic. Idazle eta ekoizle era bada, eta zahartzaroari buruz mintzo den filma baino lehen, beste labur ugari egin ditu. Hain zuzen, film laburren arloan egin zen ezagun. Drum Wave film laburra da egin duen azkena: 2018an estreinatu zuen, Sydneyko Zinemaldian. Bi urte lehenago, 2016an, Creswick film laburra aurkeztu zuen, eta horrekin ere aipamen ugari jaso zituen. Melbournen estreinatu zuen, eta beste 50 jaialditan baino gehiagotan ere pantailaratu dute. AWGIE deituriko saria jaso zuen lan horrekin Australian Writers' Guild erakundeak ematen duen sari bat da.

Ibilbide profesional horretan, formatu txikitik handira egin du jauzi. Lehen lan mardula izanda ere, ez du inor oharkabean utzi. Sundanceko jaialdian estreinatu zuten iaz, eta aipamen berezi bat ere jaso zuen egindako lanagatik: zuzendaritzan eginiko jarduna aitortzen duen aipamena, hain zuzen ere. Gotham Sarietan ere izan da gerora, film onenaren garaikurra lortzeko izendatuta. Orain, zineman ikusi ahal izango da: ostiraletik aurrera ikusi ahal izango da Hego Euskal Herriko zenbait aretotan.

'RELIC'
Zuzendaria. Natalie Erika James.
Aktoreak. Emily Mortimer, Bella Heathcote, Robyn Nevin, Steve Rodgers, Chris Bunton, Jeremy Stanford.
Herrialdea. Australia.
Urtea. 2020.
Iraupena. 88 minutu.
Generoa. Thrilerra, beldurra eta drama uztartzen ditu.
Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.